Síguenos en redes sociales:

Garaipen errazegia

Pozarren atera ginen San Mamesetik domeka gauerdian. Athleticek denboraldiko partidurik erosoena jokatu eta irabazi zuen. Zuri-gorriek eten egin zuten azken hiru jardunaldietako bolada txarra aurkaria mendean hartuta, lau gol sartuta eta golik jaso barik. Hori gutxi balitz, zazpigarren postua eskuratzeko aurkari nagusiak, Malagak, galdu egin zuen Bernabeun eta Getaferen aurka lortutako garaipenak hiru puntura murriztu du lehiakide bien arteko aldea. Irakurketa positiboarekin jarraituz, albiste bikaina da Ibai Gomezek eta Susaetak gol bana sartu izana. Kontuak kontu, hogeita hamabigarren jardunaldia biribila izan da Athleticentzat.

Edozein kasutan, Athletic-Getafe partiduaren gaineko balorazio guztiak kontu handiz egin behar dira. Ernesto Valverderen gizonek nekez aurkituko dute hain aurkari eskuzabala. Getafeko jokalariek gogo handi barik ekin zioten San Mameseko partiduari eta gogo apur hori ezerezean geratu zen Mateu Lahozek aldageletara bidali zuenean Velazquez lehen zatia amaitzear zegoela. Horrekin batera, Adurizek bigarren zatiko lehen minutuan sartutako golak erabakita utzi zuen norgehiagoka. Hortik aurrera, aldats behera jokatu zuten zuri-gorriek. Kontuak kontu, Getaferen aurkakoa irabazi beharreko partidua zen eta zuri-gorriek ez zuten huts egin. Kito.

Hortik aurrera, beste irakurketa batzuk egiteko aukera ere utzi zigun azken jardunaldiko partiduak. Ernesto Valverdek ez dauka batere argi nor zelairatu Adurizen atzetik, erdialdea eta aurrealdearen arteko lotura lanak egiteko. Nabarmena da Iker Muniainen lesioak kalte handia egin diola taldeari eta denboraldi hasieran legez, entrenatzailea casting bat egiten dabil Txantreakoaren ordezkoa aurkitzeko. Mikel Rico, Unai Lopez, Viguera eta Ager Aketxe dira hautagai nagusiak postu horretarako. Jokatzeko sistema aldatzea ere badago. Denboraldi hasieran Valverdek Beñat zelairatu zuen Adurizen atzetik baina garbi geratu da arratiarraren lekua atzerago dagoela. Viguera jarri zuen entrenatzaileak Getaferen aurka eta adierazgarria da hogeita laugarren minuturako Rico eta Aketxe berotzen jarri izana. Valverde ez zegoen gustura bere taldearen erasoko jokoarekin. Erritmo eta sakotasun barik ari zen. Lehen zatiko azken minutuko jokaldiak, ordea, garaipenerako bidea zabaldu zion etxeko taldeari.

Athleticeko entrenatzailea ez dago konforme zenbait jokalariren errendimenduarekin. Guillermo titular izan zen Espanyolen aurka eta Unai Lopezek hasieratik jokatu zuen Valentziaren aurka San Mamesen. Azken jardunaldian, berriz, deialditik at geratu dira. Mezu garbia bidali die entrenatzaileak. Urrats bat eman behar dute. Ager Aketxe ere egoera horretan dago. Erromoko ezkerrak dohain itzelak ditu eta jokalari egokia izan daiteke Athleticek hamaikakoan jabe barik dagoen posturako. Bere eskuetan dago. Beste alde batetik, Athleticentzat oso garrantzitsua izango litzateke Markel Susaetaren bertsiorik onena berreskuratzea denboraldiko azken txanparako. Valverdek hegaleko jokalariak behar ditu.

Sei jardunaldi geratzen dira Liga txapelketa amaitzeko eta Athleticek lau partidu irabazi behar ditu, gutxienez, zazpigarren postua eskuratzeko aukerak izateko. Sailkapeneko azkenaren zelaian jokatuko dute zuri-gorriek barikuan. Norgehiagoka horrek ez du zerikusirik izango Getaferen aurka jokatutakoarekin. Cordobak gorputz eta arima jarriko du zelaian mailari eusteko dituen aukera urriak bizirik mantentzeko eta jokalariak labana ahoan dutela zelairatuko dira. Athleticeko jokalariek aurkariaren antsietatea kudeatzen jakin behar dute eta grinatsu jokatu lehen minututik.