Oroigarriak
EGUN hauetan sortu den hika-mika da. Menditik paseo lasaian, korrikaldi beroan, edota ahuntzak moduan aldapan gora gabiltzanoi, maiz egokitu zaigu mendi punta, gandor, ertz horretan, harantzako bideko bazterrean, edota gutxien espero den errebueltan dekoratu berezia topatzea: oroigarri-plaka metalikoren bat, edota defuntu baten izen-abizenak eta agur egiteko lerro poetikoren bat jarrita, harrizko eskultura.
Euskal Herrian mendizaletasun handia dago, eta ditugun mendiak kontuan izanda, harrigarria izaten da zaletasun hori kanpora joaten zarenean eta azaltzen hasten zarenean, erraz irudituko bailuke euskaldun oro mendizalea dela.
Agian, naturarekiko ezinbesteko lotura horrek, gure artean izan zirenak espazio zehatz horietan gogorarazteko bultzatzen gaitu, eta hortik dator, mendi tontorretan haien aldeko oroigarriak jartzeko joera txit kurioso hori.
Oroigarriak, gurutzeak, argazkiak, izen-abizenak, ? horiei esker edota horien erruz, zenbait toki ortu-santuaren itxura hartzen ari dira, dentsitatea handituz baitoa, izan ere, mendiak berton dirau eta zaletasun horretako hildakoak egunero izaten dira (bizitza horrelakoxea da).
Gipuzkoatik kexuka hasi da hainbat kolektibo, bertako mendietan hildako horien oroigarriak ugaritu baitira, eta batzuen ustez hilerriaren antza hartzen ari dira.
Egia da gero eta gehiago errausten direla gorpuak eta mendi gainetan barreiatu. Halaz ere, ekimen pribatu horrekin ez ei dira familiarrak ase gelditzen eta oroigarria ere jarri behar. Hala, zenbait udalek neurriak hartuko dituzte kontu honetan eta defuntuaren familiari, urtebete baino lehenago ikur horiek menditik kentzeko eskatuko diote, gainera, hemendik aurrera horrelako gehiago jartzen ez uztea erabaki dute.
Ez dut uste paraje naturalean arrotz diren elementu horiek ipin-tzeko beharra dagoenik. Mendiko koadrilan, gure adiskideren bat mendian hilik suertatu denean, zuhaitz bat landatu dugu inoiz.
Zuhaitz hori gure laguna izango da betiko. Ez al da ideia hobea?
Tira! eta urrunago joaten, horiek kenduz gero, buzoiak eta bestelakoak, kendu beharko genituzke?