Athleticek egoera gatxa bizi dau egunotan. Klubaren zuzendaritza batzordeak Marcelo Bielsari kontratua ez barritzeko erabagi izanak haserrea eragin dau zale askoren artean eta Josu Urrutia kritika gogorrak jasoten dago. Azken egunotan garbi geratu da Athleticeko zaleriaren zati handi batek Marcelo Bielsak jarraitzea gura ebala. Zuzendaritza batzordeak, ostera, entrenatzaile argentinarraren etapea amaitutzat emotea erabagi dau, ahobatez ganera.

Urrutia eta bere zuzendaritza taldeko kideen erabagia eztabaidagarria izan daiteke, bai, baina uste dot emondako urratsa oso ondo aztertuko ebela Ibaiganen, faktore ugari kontuan izanda. Bielsari kontratua luzatzeko aukerarik ez emotearen arrazoirik ez azaltzea leporatu deutsoe Josu Urrutiari. Presidenteak arlo bi nabarmendu zituan. Kirol arloa eta instituzionala. Kirol aldetik ukatuezina da Marcelo Bielsaren ekarpena itzela izan dala, lehenengo denporaldian batez be. Bigarrengoan, ostera, emaitzak ez dira onak izan. Zenbakiak hortxe dagoz. Taldea mailari eusteko borrokan egon da azken txanpara arte eta gol zaparrada ikaragarria jaso dau. Arlo instituzionalari jagokonez, Urrutiak ez dau zehaztasunik emon baina garbi dago entrenatzaile eta zuzendaritza batzordeko kideen arteko harremana oso gatxa izan dala. Urrunago joanda, entrenatzailearen eta bere inguruko edozein lankideren arteko harremana ez da bape erreza izan, hartu-emona goitik beherakoa dalako. Bielsa goian eta beste guztiak behean. Neuk dinotena eta kitto, errespetuaren mugak sarritan gaindituta. Beste era batera esanda, argentinarrak bere agerraldi publikoetan erakusten dauen gizatasun hori ez dau mantentzen eguneroko jardunean beharginekaz. Erabagiak hartzeko dagoz eta Athleticeko arduradunek erabagi dabe Bielsaren etapea amaitutzat emotea, klubarentzat onena izango dalakoan. Ez dot uste ebatzi merkea danik. Erabagiak erabagi, ez dot uste Josu Urrutiak halako traturik merezi dauenik. Arin ahaztu dogu zer eta nor izan dan Athleticen. Arin ipini dogu ormearen kontra harrika egiteko. Ez da bidezkoa.

Kontuak kontu, aurrera begiratu behar dogu konturatu orduko denporaldi barria ate joka izango dogu-eta. Atzera begiratzen jarrai-tzeak ez dau ezer onik ekarriko Athleticentzat. Entrenatzaile barria ahalik eta arinen aurkeztu behar da, besteak beste, egun bizi dogun giroa garbitzeko. Ilusinoz begiratu behar deutsogu hurrengo denporaldiari, are gehiago, taldearen ardurea Ernesto Valverdek hartzen badau. Erasoko jokoaren aldeko apustu garbia egiten dau Txingurrik eta bere eskutik ziur nago disfrutatu egingo dogula gure taldearen jokoagaz. Horrezaz ganera, Valverde gizon zintzoa da, zuzena, gizatasun handikoa. Osagarri guztiak ditu Athleticeko entrenatzaile izateko. Topiko bat da, baina guztiok batera egin behar dogu arraunean Athleticen onerako. San Mames dogu zain!

Bien bitartean, Bilbao Athleticek sendo jarraitzen dau Bigarren A mailarako bidean. Ez dot uste behar beste baloratzen danik Jose Anjel Ziganda egiten dabilen lana. Kirol emaitzak bikainak izateaz ganera, entrenatzaile nafarra lan ikaragarria egiten dabil bihar-etzi Athleticen jokatuko daben gazteekaz. Aketxe, Guillermo, Bustinza, Saborit eta enparauak hasi eta heldu egin dira entrenatzaile nafarraren eskutik. Eta hori oso garrantzitsua da harrobia sustrai lez daukan talde honetan. Goraipatzekoa baita, gazte mailako taldearen lana. Gon-tzal Suancesen mutilei urrats bakarra geratzen jake Kopako finalerako sailkatzeko eta horretarako zaleen laguntza behar dabe finalaurrekoetan.