Seguru nago San Mames barria estadio ederra izango dala. Ez daukat zalantzarik. Edozelan be, eraikin barriari kostako jako Katedral zaharraren mailara heltzea. Beti esaten dot San Mamesera joatea oso gomendagarria dala, futbola gustuko ez dabenentzako be bai. Bertan bizi geinken esperientzia bakarra da, errepikaezina. Bartzelonaren aurkako azken partiduan odola irakiten euki genduan eta bihotza paparretik urten gurean. Partidua amaitzeko egoala Ander Herrerak bardinketaren gola sartu ebanean Katedralean batutako berrogei mila ikusleok bat egin genduan Athletic sentimentuaren inguruan. Ederra, eta barriro dinot, gomendagarria mundu guztiarentzat, futbol zale edo Athletic zale izan ez arren. Soziologikoki aztertzeko be gai interesgarria da San Mamesen gertatzen dan fenomenoa.

Eta guzti hori partidua irabazi barik. Puntu bakarra eskuratu arren, Athletic zale guztiok oso pozik urten genduan Katedraletik. Harro geure taldeak egindakoagaz. Ez deutsagu gehiago eskatzen. Marcelo Bielsaren gizonek egin beharreko guztia egin eben garaipena eskuratzeko Liga txapeldunaren aurka. Zuri-gorriak aurkariaren jokoa ito gurean ibili ziran lehen minututik eta lotsa barik ekin eutsen erasoko jokoari. Bartzelona indartsua ezinean ibili zan partiduko lehen orduan. Ganera, Susaetak aurreratu egin eban Athletic markagailuan eta Adurizek aukera garbi bi galdu ebazan Valdesen ate aurrean. Ezin gehiago eskatu.

Athletic eta Bartzelonaren arteko partiduaren bigarren zatia ez zan atsedenaldiaren ostean hasi, Lionel Messi zelairatu zanean baino. Alexis, Fabregas, Xavi eta enparauak jokalari onak, bikainak dira, bai, baina Bartzelona zorroztasun bako kodainea da aurrelari argentinarra barik. Messi zelaian egonda, logikoena Bartzelonak irabaztea da. Munduko onena da, geraezina. Berak bakarrik emon eutsan bueltea markagailuari. Bere golaren aurrean txapela kentzea baino ez dago.

Partidua aldats gora ipini arren, Athleticek ez eban amore emon eta zuri-gorriek gorputz eta arima jarri eben bardinketaren golaren bila. Herreraren golak saritu egin eban lehoien ahalegina eta sutan jarri ebazan harmailak. Puntu bakarra eskuratu eban Athleticek, bai, baina puntu horren balioa ez da sailkapenean bakarrik bilatu behar.

Zoritxarrez, baina, sailkapenera begiratzen jarraitu behar dogu Liga txapelketea amaitzeko bost jardunaldi geratzen diranean, jausteko postuak gura baino hurrago dagozalako, zazpi puntura hain zuzen be. Bitxia bada be, zuloan dagozan talde gehienak partiduak irabazten hasi dira eta gauzak estutu egin daitekez.

Hamabost puntu jokoan eta zazpi puntuko aldea. Garbi dago ezin garala lo geratu. Garaipen bategaz nahiko izan daiteke eta ona litzateke lehenbailehen eskuratzea. Balaidosen bada datorren barikuan, hobeto. Sailkapeneko behealdera begiratzea tentazino handia bada be, Athleticek azken lau partiduetan -Sevilla, Real Madrid, Deportivo eta Bartzelona- erakutsi dauen jokoa ikusita ez geunke ikara handirik euki behar. Ezin da ukatu hogeta hamahiru jardunaldi jokatu ostean talde bakoitza jagokon lekuan dagoala sailkapenean. Marcelo Bielsaren taldeak, ostera, ez dauka zerikusirik Celta, Depor, Mallorca, Granada edo Zaragozagaz. Gauza gehiegi gertatu dira aurten Athleticen eta ia Liga amaierea nasaia dan eta San Mameseri merezi dauen agurra emoten deutsagun.

Bielsaren gizonek Balaidosen jokatuko badabe, be, partidu handi bi jokatuko dira astegoienean San Mamesen. Emakumezkoen taldeak Liga irabazi leike domeka eguerdian Bartzelonaren aurka. Puntu bat nahikoa dabe Juan Luis Fuentesen neskek. Katedraleko harmailak bete egin behar dira. Motorrak berotzen joateko zapatu arratsaldean Bilbao Athletic eta Alaves. Ezin amaitu Pablo Berasaluzeri besarkada handi bat bialdu barik.