SEI jardunaldi geratzen dira liga txapelketea amaitzeko, hamazortzi puntu dagoz jokoan eta Athleticek zazpi-zortzi puntuko aldea kentzen deutse sailkapeneko azken hiru postuetan dagozan taldeei. A Coruñako Deportivoren zelaian lortutako puntua (beste bi eskuratzeko aukera bikaina galdu arren) baliotsua da lehen maileari eusteko ezinbestekoak diran puntuak batzeko borrokan. Datuak hortxe dagoz. Zenbakiek dinoskue Athleticeri beste urrats falta jakola mailea galtzeko mamuak behin betirako ahazteko. Gitxi falta da baina lana ez dago amaituta. Matematikoki baino ez bada be, arriskua hortxe dago eta mehatxua dagoanean urduritasuna be egoten da.

Zenbakiak alde batera itzi eta irakurketa subjektiboa edo kualitatiboa egiten badogu, hau da, Athleticek azken hiru jardunaldietan eta Riazorren batez be erakutsi dauen jokoa aztertuta, garbi esan geinke Marcelo Bielsaren taldeak ez dauela ezelango arazorik euki behar lehen maileari eusteko.

Mahai ganean ukabilkada bat emoteko eskatu neutsen zuri-gorriei aurreko asteko brankaganetik eta helburu horregaz urten eben A Coruñan, Riazorren egoan giro itzelaren ganetik. Athleticeko jokalariek garaipenaren bila jo eben epaileak txistua jo ebanetik eta minutuak aurrera egin ahala garbi geratu zan zuri-gorrien nagusitasuna. Aurreko lau jardunaldietan beste horrenbeste garaipen lortu ebazan Deportivo euforikoa ezinean ibili zan zuri-gorrien etenbako erasoari aurre egiteko.

Athletic, baina, zeozergaitik dago sailkapeneko erditik behera eta Riazorren be gol aukerak gauzatzeko dituen arazo itzelak agirian geratu ziran. Deportivoren aurkako partidua ikusita gatxa da ulertzen zelan ez eban irabazi Athleticek. Zuri-gorriak gura beste bider sartu ziran eskoiko hegaletik (ezkerretik baten bez eta Muniainek zeozer esan beharko leuke) baina behin bakarrik lortu eben Aranzubiaren atea zulatzea. Ulertuezina eta neurri baten onartuezina da hainbeste huts egitea azken metroetan. Hori gitxi balitz, zuri-gorrien eskuzabaltasuna neurribakoa da eta Riazorren be oparia egin eutsen aurkariari markagailuan aurrea hartu eian. Hutsa, baina, ez zan atzelariena izan, Ander Herrera eta Markel Susaetarena baino. Area ertzean ezin da hain bigun jokatu. Azpimarratzekoa baita, Carlos Gurpegik eta Borja Ekizak eginiko lan bikaina. Kontuak kontu, Athleticek aukera ederra galdu eban hiru puntuak eskuratu eta behin betirako nasaitasunera hurreratzeko. Beste alde batetik garbi dago urte guztiko akatsak ez dirala konpontzen egun batetik bestera. Edozelan be, aukeratzekotan botilea erdi beterik ikusi daigun erdi hutsik baino. Athleticek Riazorren erakutsi eban jokoa egiteko gauza dan talde baten lekua ez da sailkapeneko zuloa.

Aurrera begira ipinita, partidu arraroa jokatuko dau Athleticek hurrengo jardunaldian. Munduko talderik onenaren aurka jokatuko dabe zuri-gorriek San Mamesen. Kontua da, ostera, Bartzelona buru belarri dagoala sartuta Txapeldunen Ligan (Munichen jokatuko dabe gaur blaugranek) eta ez dau emoten Tito Vilanovak garrantzi handiegirik emon deutsanik San Mamesko partiduari. Halanda ze, pentsa lei Messik eta Bartzelonako titular askok ez dabela jokatuko Athleticen aurka. Ikuskizunaren kalterako izango bada be, Marcelo Bielsaren taldeak aukera bikaina dauka garaipena lortu eta behin betirako nasaitasuna eskuratzeko. Athletic zaleok bihotzetik eskertuko dogu.

Txanponaren beste aldean, urrats bi geratzen jakoz emakumezkoen taldeari Liga txapelketea irabazteko. Zubietan jokatuko dabe hurrengo asteburuan, azken jardunaldian Bartzelona hartu aurretik. Cuco Zigandaren Bilbao Athleticeri bide luzeagoa geratzen jako mailaz igoteko helburua beteteko. Bide onetik doaz.