hIRU hilebete egon naz Brankaganetik agertu barik eta bertora itzulita gauzak antzera aurkitu dodaz. Urte hasieran, Athleticek partidu bi galdu ebazan erreskadan Levante eta Rayoren aurka eta aurreko urteko azken norgehiagokan Zaragozak hiru puntuak eroan ebazan Katedraletik. Hamabi jardunaldi jokatu ostean, Marcelo Bielsaren taldeak beheko zuloko arriskua behin betirako urrundu ezinik jarraitzen dau. Aitortu behar dot sailkapeneko zulora begiratzeak kokoteko mina eragin deustala. Aurreko denporaldiko gozamen itzelaren ostean aurten sailkapenean gure azpitik dagozan taldeen emaitzei begira gagoz, geure ezinaren ondorioei konponbidea aurkitu gurean.

Real Madrilen aurkako partiduari jagokonez ezin esan ezustean harrapau gaituenik. Mourinhok hiru puntuen bila urten eban Katedralean bere jokalari onenak zelairatuta eta lehenengo minuturako bideratu eban garaipena. Merengeen eraginkortasuna ikaragarria da. Lau bider heldu ziran Iraizozen atera eta hiru gol sartu eta langara bidali eben baloi bat. Gol bi sartu zituan Cristiano Ronaldok, bai, baina ez da inoiz munduko jokalari onena izango, kategoria falta jakolako eta harrokeria ganezka daukalako. Ulertuezina eta kezkagarria da milaka ume eta gazteren eredu izatea.

Galtzaile izan arren, partiduak irakurketa positiboak itxi ebazan Athleticentzat. Marcelo Bielsaren gizonek aspaldiko jokorik onena erakutsi eben lehenengo minututik markagailuan atzetik joan arren. Real Madriden bigarren gola heldu aurretik, Herrera, Iturraspe eta enparauek partidu itxurosoa egin eben. Baina, jakina, horrelako aurkari baten aurka baloia ondo mobidutea ez da nahikoa garaipena eskuratzeko. Gol aukerak gauzatu egin behar dira eta Athleticek arazo itzelak ditu aurkariaren atea zulatzeko. Are gehiago Aduriz ez badago eta bere ordez jokatzen dauenaren errendimendua hain makala bada.

Ander Herrerak lepo ganean hartu eban taldea. Horregaz batera, aspaldiko Iker Muniain onena ikusi genduan Real Madrilen aurkako partiduan. Oso garrantzitsua da Txantreakoaren bersinorik onena berreskuratzea denporaldiko azken txanparako eta etorkizunerako, jakina. Erik Moran gazteak bere estraineko minutuak jokatu zituan eta Ager Aketxe ikusteko gogoz geratu ginan.

Zazpi jardunaldi geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta Athletic zortzi puntura dago jausteko postuetatik. Ez dogu esango Marcelo Bielsaren taldean argi gorria biztuta dagoanik baina garbi dago zuri-gorriek ukabilkada bat jo behar dabela mahai ganean arrisku guztiak behin betirako baztertzeko. Datorren domekan Riazorren jokatuko daben partidua aukera bikaina da aurrerapausua emoteko. De Marcos, Aduriz, Laporte eta Gurpegi berreskuratuko dauz Bielsak eta ia plantila osoa eukiko dau prest Deportivoren aurkako partidurako. Ez dogu esango final bat danik baina inflexino puntua izan daiteke, Athleticek irabazi ezkero urrats erabagigarria emongo leuke-eta mailari eusteko borrokan. Ez daukagu sufritzeko gogorik. Ez dogu dramatismorik gura San Mames zaharrean jokatuko diran azken partiduetan. Emon beharreko ukabilkadea lehenbailehen emon behar dabe Marcelo Bielsaren gizonek. Porrot guztiak ez dira bardinak eta Real Madrilen aurka ordu betean erakutsitako joko onak itxaropenerako leihoa zabaldu dau. Bidea horixe da. Azken urratsa emon behar dabe zuri-gorriek amildegitik alde egiteko baina inork ez deutse ezer oparituko. Euren esku dago.

Beste era bateko presinoa daukie Athleticeko emakumezkoen taldekoek. Hiru jardunaldiren faltan Juan Luis Fuentesen neskek esku-eskura daukie Ligako txapela. Sailkapeneko bigarrenaren aurka, Bartzelonaren aurka, jokatuko dabe azken jardunaldian Lezaman. Itzela izango da. Animo neskak!