Síguenos en redes sociales:

Baikortasunez eta negarrez

Athleticen ganeko mezu baikorra zabalduz hasi gura neban gaurko artikulua baina ezin dot burutik kendu Iñaki Lejarretaren heriotzea. Berrizko txirrindulariaren istripuak mutututa itxi gaitu, lur jota. Ez da lehenengoa izan eta zoritxarrez ez da azkenengoa izango. Ezbehar gehiegi. Mingarriak guztiak. Tragedia gordinak. Tropel jendetsua batu da zeruan, guztiak zeruan dagoz-eta. Negar malkoak sikatu, Iñakiren senitartekoei besarkadarik beroena emon eta beharrean hasi behar gara horrelako hondamendirik barriro gertatu ez daiten gure errepideetan. Guztion eskuetan dago. Borondate eta kontzientzia kontua da. Txirrindu ganean doazenak geure lagunak, semeak, alabak, ezagunak, auzokoak, senitartekoak dira. Errespetau eta jagon daiguzan.

Gauza asko ikusi dot azken astean Brankaganetik kikuke nabilela. Mingarriak batzuk eta pozgarriak beste batzuk. Denporaldi honetan ez dogu arazorik izango Florentino Perezegaz Santiago Bernabeu dala-ta. Eukitekotan Eibarrek eukiko dauz. Zorterik onena, Añibarro, Boveda eta enparauentzat. Athleticek sartu-urten tristea egin dau aurten Kopan. Gertatutakoak ez dauka justifikazinorik. Dana dala, mundua ez da amaitu -barikurarte ez behin-tzat- eta Athleticen egoerea ez da apokaliptikoa, batzuk zabaldu gura izan daben moduan.

Bartzelonaren aurka galdu ostean, benetako ordua heldu dala esan genduan, Athleticek "bere liga"-ko taldeen aurka jokatu behar ebalako. Bielsaren taldeak gainditu egin dauz lehenengo azterketa biak Celta eta Mallorcaren aurka. Asko sufriduta, bai, baina zuri-gorriek sei puntu eskuratu dabez eta ez dabe golik jaso. Ezin dogu gehiago eskatu taldea dagoan moduan egonda eta nondik datorren kontutan izanda.

Europa Leaguen eta Kopan zartako gogorrak jaso ondoren, Bielsa indarbarrituta agertu zan Mallorcaren aurkako partiduaren atariko prentsaurrekoan. Baikor azaldu zan eta baikortasuna zabaltzen ahalegindu zan. Entrenatzaileak uste dau, hain oker hasi dan denporaldia ondo amaituko dala. Eta horixe bera pentsatu gura dot neuk be. Atzera begiratzeak eta Europan eta Kopan gertatutakoak hobetzeko eta ikasteko balio behar dau eta ez norberaren bizkarra eten barik astintzeko.

Mallorcan lortutako hiru puntuek urrearen balioa daukie. Puntuez ganera, beste ondorio positibo ba-tzuk be atara geinkez Caparrosen taldearen aurkako partidutik. Athleticek ez eban golik jaso etxetik kanpo lehenengoz denporaldi honetan eta marka horretan zerikusi handia euki eban Iraizozen lan bikainak. Laporte hasierako hamaikakoan sartu eban Bielsak eta ederto erantzun eban. Plaza gizona da. Lau partidu jokatu dauz lehen taldeagaz, Hapoel, Sparta, Celta eta Mallorcaren aurka eta lauretan atea hutsean geratu da. Ertorkizun handiko jokalaria.

Beste hiru gizon be aitatu gurako neukez. Taldeak eskertu egin eban Iraolaren itzulerea. Sarritan ez dogu behar beste baloretan haren garran-tzia. Herreraren lana ezinbestekoa da erdialdean, gehiago inguruan dituenak makal dabiltzanean. Azkenik, zer esan Adurizen ganean. Hamar gol daroaz Ligan eta Athleticek guztira 21. Dana esanda dago. Golak sartzeaz ganera, haren ekarpena itzela da. Txanponaren beste aldean, De Marcos, Susaeta eta Muniain. Lehenengo biak ez dabilz fin baina gorputz eta arima ipinten dabe. Muniainen kasua kezkatzekoa da. Ezinean dabil eta taldeak igarri egiten dau. 24 partidu jokatu dauz aurten eta gol bakarra sartu, Europa Leaguen. Ganera, iparra galduta dabil eta zelaian erakusten dauen jarrerea ez da eredugarria inondik eta inora be. Ezin dau holan segidu.