Síguenos en redes sociales:

Benetako ordua heldu da

Athleticek galdu egin dau Bartzelonaren aurka Nou Campen. Zoritxarrez, ez da albistea, gauza bera gertatzen da-eta aspaldiko urteetan. Urtero lez, giro bikaina -gozoegia- jokalarien artean partidua hasi aurretik eta amaitu ondoren. Urtero lez, baina, blaugranak irabazle eta gol zaparradea zuri-gorrientzat. Messi, Iniesta eta enparauen aurka galdu izanak irakurketa bikoitza dauka. Alde batetik, kuantitatiboki, Athleticek hiru puntu galdu dauz Bartzelonan. Besterik ez. Egia esateko, inor gitxik itxaroten eban zuri-gorriek punturen bat urratzea aurten errekor guztiak hausten dabilen taldearen zelaian. Beraz, gidoia bete egin da.

Beste alde batetik, ostera, mingarria izan zan Nou Campen gertatutakoa. Athletic zale askok irratia eta telebistea itzali egin eben lehen zatia amaituta. Sarri errepikatzen dotenari helduta, porrot guztiak ez dira bardinak eta Athleticek oso itxura makala emon eban Bartzelonaren aurka.

Marcelo Bielsak argi eta garbi esan eban bere taldeak betiko lez urtengo ebala zelaira, ausart, garaipenaren bila. Gauza bat esatea da eta bestea sinistea. Denporaldi hasiera honetan sarritan gertatu dan lez, Athletic ez zan fin ibili area bietan. Zuri-gorriek bi bider bakarrik jaurti eben Victor Valdesen atera eta Bartzelonak oso eroso jokatu eban arriskurik sortzeko gauza ez zan aurkariaren kontra.

Iraizozen arean gauzak okerrago joan ziran. Athleticek arazo handi bat dauka defenditzeko orduan -hogeta hamabi gol hamalau jardunalditan- eta agirian geratu zan Nou Campen. Gol guztiak banan banan aztertuta, garbi ikusten da Athleticek ez eutsala oztopo handiegirik ipini Bartzelonari Iraizozen aterako bidean. Pique bakar bakarrik dago lehen golean, bigarrengoan Amorebieta oso txarto dabil, hirugarrenean Ibaik ez dau Adriano markatzen eta abar. Kontua da, arazo honeek ez dirala munduko talderik onenaren aurka bakarrik gertatzen. Bielsak tinko eusten deutso bere filosofiari. Futbola era batera ulertzen dau eta kitto. Kontua da, gauzak okertzen diranean alternatibak be izan behar dirala. Bi eta bi ez dira beti lau, are gitxiago futbolean.

Aurrera begiratu behar dogu eta itxaropenari eutsi. Ez dago besterik. Gertatutakoa gertatuta, eta inoiz baino gol gehiago jaso arren, sailkapenera begiratuta taldeak zabalik ditu ate guztiak. Edozelan be, partiduak irabazten hasteko ordua heldu da. Ez dago aitzakirik. Celta, Mallorca, Zaragoza, Levante eta Rayo Vallecano dagoz zain lehen itzulia amaitzeko geratzen diran bost partiduetan. Bielsak dino, Athleticek sailkapeneko goialdean egoteko merituak egin dituela. Errealidadea dino, ostera, inork baino gol gehiago jaso dituela eta sailkapeneko behealdean dagoala. Gorantz egiteko aukera bikaina daukie zuri-gorriek hurrengo jardunaldietan. Garbi dago zeintzuk izan behar diran hazkundearen oinarriak: atzealdean sendo eta aurrealdean zorrotz. Oso erreza.

Partidu historikoa jokatuko dau Athleticek etzi San Mamesen Pragako Spartaren aurka. Munduko talderik onenak igaro dira gure San Mames ederretik. Bertan jokatutako partidu guztien artetik bat aukeratzeko eskatu deustie eta nik neuk bat gogoratzen dot batez be: Europako Kopan Lech Poznanen aurka jokatutakoa. Clementeren taldeak 2-0 galdu eban Polonian eta Espainiako Futbol Federazinoak hamazortzi partiduko zigorra ipini eutsan Andoni Goikoetxeari Maradona lesionatzeagatik. Athleticek 4-0 irabazi eban eta Goikok gol bat sartu eban. Ez dot ahaztuko baita Liverpoolen aurka galdutakoa Ian Rushen golagaz. Manchester Uniteden aurka edurtzen jokatutakoa, Juventusen aurkako UEFAko finala, Newcastlen aurka Zigandaren eskutik irabazitakoa edota Portugalgo Sportingen aurkakoak be gogoangarriak dira beste askoren artean.