Amorratuta bai, kezkatuta ez
gauzak okertzen hasten diranean gatxa izaten da zuzentzea. Athleticek oker ekin deutso denporaldiari -ez da harritzekoa gertatu diranak gertatuta- eta uste baino gehiago kostauko jako bide onera itzultzea. Zuri-gorrientzat oso garrantzitsuak ziran A Coruñako Deportivoren aurkako partiduko hiru puntuak eta egin beharreko ia guztia egin eben garaipena eskuratzeko. Marcelo Bielsaren taldea aurkaria baino askoz hobea izan zan eta gol aukera ugari euki eta alperrik galdu ebazan. Partidua, baina, bana amaitu zan eta beste puntu bik iges egin dabe Katedraletik. Eta badira batzuk denporaldi honetan, hamar hain zuzen, Betis, Getafe, Malaga eta Deportivoren aurka.
Athleticek garaipena merezidu eban domekan ezelango zalantza barik. Aurreko denporaldian Galiziako taldeak ez eban bizirik urtengo Katedraletik. Aurten ostera, talde zuri-gorria sailkapeneko behealdean kokatu da hasiera-hasieratik eta oztopo asko aurki-tzen dabil goranzko bidean. Ez da normala hainbeste bider heltzea aurkariaren ate aurrera eta gol bakarra sartzea. Are gitxiago, aurkaria bi bider hurreratzea Iraizozen ate ingurura eta gol bat sar-tzea. Zorteak be, bizkarra emon deutso taldeari, txanpona airera botaten dan bakoitzean zuri-gorrien aurka jausten da-eta.
Athletic zaleek amorratuta urten eben domekan Katedraletik taldeak puntu bi galdu zitualako. Edozelan be, ez dot uste inork kezkatuta urten ebanik Ander Herrera, Iturraspe eta enparauen jokoa ikusita. Bielsaren taldeak ederto jokatu eban eta emaitzak etorriko dira. Itxaropenari eutsi behar deutsagu. Garbi dago matxurea non dagoan: area bietan. Athletici gola sartzeko aukerea ez da hain merke saldu behar eta aurrealdean ez da errukirik izan behar. Hamahiru jardunaldi jokatuta -liga txapelketaren herena- lehoiek hamabost puntu baino ez dabez lortu. Sailkapenari begiratuta, ostera, zortzi talde dagoz lau punturen barruan eta Europa bost puntura dago. Denporaldiari hasiera makala emon arren, Athletic bizirik dago Liga txapelketan.
Europa Ligan, ostera, amaitu da zuri-gorrien ibilbidea. Arestian esandakoari helduta, gatxa da okertutakoa zuzentzea. Athleticek ezin izan eutsan irabazi multzoko talde ahulenari San Mamesen ligatxoko lehen jardunaldian -orduan be hamaika gol aukera alperrik galduta- eta txarto hasitakoa txarto amaitu da. Edozelan be, irakurketa positiboa atara behar dogu Europatik kanporatuta geratu izanari. Aurreko urtean Athletic leher eginda heldu zan liga amaierara eta aurten freskoago helduko dala pentsa geinke. Europa Leagueko eta Kopako finalak jokatu arren, ez dogu ahaztu behar Bielsaren taldeak hamargarren amaitu ebala Liga txapelketan. Aurten kontrakoa gertatu daiteke eta baleiteke Athletic sailkapeneko goialdean ikustea Liga amaieran. Heren bat jokatu da, bai, baina beste bi geratzen dira jokatzeko eta okertutakoa zuzen-tzeko.
Ez da erreza diskurtso positiboa zabaltzea datorren zapatuan Bar-tzelonaren aurka Nou Campen jokatu aurretik. Gatxa, oso gatxa, ia ezinezkoa izango da punturen urra-tzea Messi, Iniesta eta enparauen habian. Dana dala, Bernabeuko partiduaren atarian baino baikorrago nago, Athleticek bere hamaikakorik onena zelairatu ahal izango dauelako. Edozelan be, Bar-tzelona baino harago begiratu behar dogu. Celta, Zaragoza eta Rayo Vallecano hartuko dauz Bielsaren taldeak San Mamesen eta Mallorcan eta Levanteren zelaian jokatuko dau lehenengo itzulia amaitzeko geratzen diran partiduetan. Zuri-gorrien eskuetan dago goranzko jauzia emotea.
Bilboko futbol zelai baten gertatutakoa gogora ekarri gura dot. Gazte mailako partidu baten talde bateko jokalari baten aitak eraso egin eutsan beste taldeko direktibo bateri eta honek ospitalean amaitu eban. Gertakari larria benetan. Gitxitan gertatzen dira hain larriak, bai, baina futbol zelaietan, barruan zein harmailetan, agresibidade gehiegi dago eta neurriak hartu behar dira taldeetatik eta entrenatzaileetatik hasita.
Besarkada bero bat Alfonso Ruizen familiari eta animo Athleticeko emakumezkoen taldekoentzat!