Síguenos en redes sociales:

Suspertzeko ordua

Galtzea gogorra da beti. Porrot guztiak, baina, ez dira bardinak. Getaferen aurkakoa porrot mingarria eta kezkagarria da Athleticen-tzat. Zuri-gorriek galdu egin eben Mestallan baina garaipena eskura-tzeko zorian egon ziran joko ona erakutsita ganera. Lyonen be galdu egin eban Athleticek Europa Leagueko partidua baina hantxe be itxura ona emon eben zuri-gorriek. Getaferen aurka, ostera, eten egin da errekuperazino prozesua. Zeruan laino baltzak desagertuz joan beharrean ugaritu egin dira. Egia esateko, inor gitxik itxaroten eban Athleticen atzerapausoa. Ezustean harrapau gaitu eta kezkak eta zalantzak nagusi dira orain. Noiz urtengo dau Athleticek zulotik? Andoni Iraolak argi eta garbi adierazo dauen moduan, zenbat eta beranduago ekin goranzko bideari orduan eta gatxagoa eta gogorragoa izango da amiltegitik urruntzea.

Getaferen aurkako porrota azter-tzeko orduan nabarmendu beharrekoa da, ostabere, Athleticen defenditzeko egiturearen ahulezia. Iraizozek jasotako gol biak zuri-gorrien ezinaren adierazle dira. Juan Rodriguez zein Alvarok sartutako goletan atzelariak geldirik dagoz, Lezaman entrenatzeko erabilten dabezan panpinak, alemanak, lez. Hori gitxi balitz, aurkako falta eta korner guztietan Getafeko jokalari batek ikututen eban baloia. Erabateko ezina. Eta barriro dinot. Ez dot uste izen kontua danik. Ganera, zorteak be ez dau bape laguntzen.

Ez litzateke bidezkoa izango porrotaren erru guztia atzelariei botatea. Getafek erraztasun gehiegi euki ebazan Iraizozen atera hurreratzeko orduan, bai, baina Athleticen erasoko jokoa be oso makala izan zan. Ander Herreraren errekuperazinoagaz batera etorri zan taldearen hobekuntzea eta Ander Herreraren zigorragaz batera etorri da Getaferen aurkako hondamendia. Herrera barik Athleticek arazo itzelak daukaz erasoko jokoa lantzeko. Muniain ez dago sasoian eta bere ezina gehiago igarten da hegaletik barik, barrutik jokatzen dauenean. Iturrasperen errendimenduak be behera egiten dau Herrera alboan ez daukanean, gauza gehiegi egin behar dituelako.

Kontuak kontu, taldea ezinean dabil erasoteko zein defenditzeko orduan. Arazoa orokorra da. Holako egoeretan, eta Athleticen egoerea larrituten hasteko modukoa da, on-tziko patroiak zeozer egitea itxaroten da. Marcelo Bielsak, ostera, eutsi egiten deutso betiko sistemeari ia ezer ikutu barik. Beti egiten dauz betiko aldaketak eta inoiz ez dau aldatzen jokatzeko modua. Iraultza bat egin barik be, gauza batzuk ikutu egin daitekez taldearen onerako. Pentsa lei entrenatzaileak ez daukala baliabiderik egoereari bueltea emoteko. Athleticek beti jokatzen dau bardin eta sistema bardinagaz. Dagoanekoz, aurkariek badakie zer egin behar daben Bielsaren sistemeari aurre egiteko. Alternatibak falta dira. Gauzak ondo egin ezkero Athleticen jokoa eraginkorra da. Txarto jokatu ezkero, ostera, taldearen gabeziak agirian geratzen dira. Azken sei partiduetatik bost galdu dauz Athleticek.

Bielsak eta bere gizonek lehenbailehen erreakzionau behar dabe. Lau partidu jokatuko dabez hamaika egunen buruan, zein baino zein garrantzitsuagoa. Kopa txapelketeari ekingo deutse etzi Bigarren B mailako talde baten aurka. Kontua da, lehen partidu hori Eibarren aurka dala eta Ipuruan. Athleticentzat ez da partidu erraza izango eguenekoa. Boveda, Añibarro eta enparauek gauzak gatx ipiniko deutsez Bielsaren gizonei. Ostean, sailkapeneko zuloan dagoan Granadaren zelaian jokatuko dau Athleticek eta hurrengo eguenean Europa Leaguen bizirik jarraitzeko aukerak jokoan izango dira Olympique Lyonen aurka. Ligako hurrengo aurkari biak, ganera, Sevilla eta Real Madril. Izartu beharra dago!