Herrera eta Undiano, eskutik
Arerio gehiegi, lar, euki ebazan Athleticek Mestallan irabazteko. Valenciaren zelaian irabaztea ez da bape erreza aurkaria gogorra izaten dalako. Baina garaipena eskura-tzeko aldatsean oztopo erantsiak aurkitu ezkero ia ezinezkoa da hiru puntuak eskuratzea. Ander Herrerak eta Undiano Mallenco arbitroak bat egin eben Athletic hondoratzeko Mestallan.
Osasunari irabazi izanak emondako nasaitasunagaz eta azken aste bietan Lezaman gogor lan eginda ekin eutsan Athleticek Valentziaren aurkako norgehiagokari. Marcelo Bielsaren taldeak itxura ona emon eban lehen zatian eta aurreko denporaldiko jokoa berreskuratu eban, tarteka baino ez bada be. Hori gitxi balitz, markagailuan bi bider aurreratzea lortu eban Aritz Adurizen abileziari esker. Donostiarraren lana ikaragarria izan zan barriro be.
Partiduko azken laurena baino ez zan geratzen eta garaipena ondo bideratuta egoanean ontzia hondoratzen hasi zan. Ander Herrerak egin eban zuloa eta Mestallak iruntzi egin eban Athletic. Jokalariaren umekeriak sastarretara bota eban ordurarte eginiko lan ona. Ander Herrera izan zan porrotaren errudun nagusia. Beste ba-tzuk be -Undiano Mallenco hain zuzen be- ahalegindu ziran ontzia hondoratzen baina etxeko jokalariak lortu eban. Oso larria izan zan Herrerak egin ebana. Partidua amaitu ostean damua erakustea eskertzekoa bada be, eliteko profesional batek ezin dau horrelakorik egin taldeari eragiten deutsan kaltea ikaragarria dalako. Denporaldi hasiera makala Herrerarena. Joko Olinpikoetara erdi herren joan zan eta ondoren ebakuntzea egin behar izan eutsen Athleticegaz partidu piloa galduta. Taldearen jokoak eskertu egin dau bere itzulerea, bai, baina jokalariak ondo hausnartu beharko dau Mestallan egindakoa eta horren ondorioak.
Ander Herrerak laguntza ikaragarria emon eutsan Undiano Mallenco epaileari Athleticen porrota eragiteko ahaleginean. Beti pentsa gura izan dot arbitroak inpartzialak dirala eta zelaira urteten dabenean ez dabezala taldeen koloreak begira-tzen erabagiak hartzeko orduan. Undiano Mallencoren lanak, ostera, zer pentsa emoten deust. Estadistikak hortxe dagoz. Epaile nafarrak hogeta hamar partidu zuzendu deutsaz Athletici eta sei bakarrik irabazi dauz, bederatzi bardindu eta hamabost galdu. Mestallan ez eban adierazo penalti garbi bat talde zuri-gorriaren alde eta Ander Herrerari txartel gorria erakutsi eutsan jokaldian zigor barik itxi eban Ramiren oldarraldia. Askok dinoste Undianok gorroto dauela Athletic eta ikusitakoa ikusita ez dakit zer pentsa.
Herrera eta Undiano Mallenco bikotearen eraginkortasuna alde batera itxita, kezkatzekoa da benetan Athleticek erakutsitako ezina hamar gizonegaz geratu zanetik aurrera. Ordurarte partidua kontrolpean euki eban taldea desagertu egin zan. Bapeztu egin zan. Txotxongilo bat izan zan Valentziaren eskuetan. Osagarri baten faltan egiturea deseginda geratu zan. Bielsak be ez eban asmatu hondamendia saihesteko ahaleginean.
Beste alde batetik, Athleticen atzealdeak asko, gehiegi, sufridu eban Mestallan. Fernando Amorebietagaz batera, Gurpegi barik Ekiza sartuta -askok eskatzen ebena- atzeko lerroa ezinean ibili zan. Pentsa lei izen kontua baino, sistema kontua dala. Athleticeko atzelariek buruz buru markatzen dabe eta aurrelariek gura dauen lekura daroez sekulako zuloak sortuz.
Liga txapelketea luzea bada, ezin geinke gauza bera esan Europa Leagueko ligatxuaren ganean. Athleticek benetako finala jokatuko dau etzi Lyonen multzoko talde indartsuenaren aurka. Lehen partidu bietan huts egin izanak ez deutse aukera handirik izten zuri-gorriei etziko partidurako. Irabazi egin behar da Europan jarraitzeko itxaropena bizirik mantentzeko. Athletic onena behar dogu. Azkenik, besarkada handi bat Iñigo Ruiz de Galarretarentzat.