Athletic irabazle
Athleticek albiste bikaina jaso eban astelehenean Euskalduna jauregian. Josu Urrutiak eta bere zuzendaritza batzordeak bazkideen babes zabala jaso eben. Athleticeko bazkideak gustura dagoz Urrutia buru dan taldearen lanagaz. Presidenteak badauka, bai, pozik egoteko motiborik. Edozelan be, Urrutia barik, Athletic izan da garaile nagusia. Bazkideak batunda dagoz. Ez dago hausturarik eta horixe da albisterik onena etorkizunari begira.
Inork ez eban itxaroten gora behera handirik aurreko denboraldiko kontuak eta hurrengo denboraldirako aurrekontua aurkeztu eta onartzeko orduan. Egia esateko, gauzak ondo egiten diranean eta, ganera, gardentasunez azaltzen diranean, ez dago eztabaidarako motiborik. Alde horretatik, azpimarratzekoa eta ezkertzekoa da benetan Jabi Aldazabal eta Alberto Uribe-Etxebarriaren lana. Krisi garai latz honetan Europan futbol talde gitxik esan leikie diru zorrik ez daukela. Garbi dago Josu Urrutiak asmatu egin ebala bere lan taldea osotzeko orduan. Kirol egoereak be ez eban eztabaida handirik sortu bazkideen ordezkariek gogoan daukie-eta Bielsaren eskutik taldeak egindako denporaldi bikaina. Azkenik, garagarriletik hona Bielsa, Javi Martinez, Llorente eta filtrazinoek eragindako tira-birek be uste baino hauts gitxiago harrotu eben. Kontuak kontu, eta hedabide batzuk kontrakoa zabaldu gura izan arren, Athleticen urak bare dagoz eta bazkideek konfiantza osoa daukie Josu Urrutiarengan.
Bere estiloari eta lan egiteko moduari eutsita iritsi da Athleticeko presidente izatera eta bide horreri eusten deutso. Urrutiak koherentziaz jokatzen dau beti, batzuren gustukoa izan ez arren. Ez da presidente mediatikoa. Kazetariok, bazkideek eta zaleek gura baino gitxiago agertzen da hedabideetan, baina ondo baino hobeto daki non daukan iparra. Garbi dauka zer dan Athletic eta zelan jokatu behar dauen klubeko presidente lez, jokabide horrek kritika batzuk sortu arren. Bazkide konpromisarien ba-tzarrak garbi itzi dau, baina, babesak kritikak baino askoz gehiago dirala. Hasieratik esan eban bera ez dala Athleticeko presidentea, presidente karguan dagoala baino, horretarako aukeratu dabelako. Hori bai, protagonismo zalea eta mikrofono zalea izan ez arren, Urrutiak hasetu egin beharko leuke, neurri baten behintzat, bazkidegoaren informazio gosea. Bazkideek eginiko eskaerea entzun egin beharko leuke.
Beste alde batetik, eskertzekoa da komunikabide guztiak bardin tratatzea. Batzuk txarto ohituta egon dira, urteetan Ibaiganetik eurek gura beste informazino jaso ondoren. Bielsak be ez deutse jaten emoten eta hasarre dagoz. Ez dagoz ohituta.
Bazkideen ordezkariak eta zuzendaritza batzordeko kideak Euskalduna jauregian batzartuta egozala, Athleticeko jokalariak entrenatzen ebilzan Lezaman. Inguruko zelaietan, Baskonia, gazte mailako talde bat, kadeteak, infantilak eta alebinak ari ziran entrenatzen. Bielsa eta Amorrortu alkarregaz berbetan. Lezama bizirik dago. Athletic bizirik dago. Ikusitakoak ikusita, ahalegin berezia egin behar da Athletic sentimendua zabaltzeko behe mailetako taldeetan dagozan jokalarien artean. Horretarako oso garrantzitsuak dira berotasuna, babesa eta hurbiltasuna. Athletic berezia dalako. Jokalariari ez jako ondo jaurtitzen eta baloia ondo geratzen bakarrik irakatsi behar. Heziketa integralagoa, osoagoa izan behar da. Futbol jokalaria, Athleticeko jokalari egin behar da. Ondo jokatzen ikasi baina sutraitu barik badago jokalariak beste batzuk hasitako bidea egin leike. Jose Anjel Iribar, Koldo Agirre eta Jose Mari Argoitia egon ziran Bermeon asteburuan Bizkai Buru Peñak antolatutako ekitaldian. Horreek bai eredu bikainak Lezamako gaztetxuentzat.
Garagarriletik hona egondako su guztiak amatauta dagozala emoten dau. Igazko talde erasokorra eta ikusgarria berreskuratzea baino ez jaku falta.