Geldiro, baina aurrerantz
Athletic zaleok -nik neuk ez behintzat- ez genduan haserre urten San Mamestik Malagaren aurkako partiduaren ostean. Zuri-gorriek ez eben garaipena eskuratu baina beste urrats bat emon eben errekuperazinorako bidean. Apurka apurka baino ez bada be, Athletic norabidea zuzentzen dabil, iparra galduta ibili ondoren. Marcelo Bielsak ederto "laburtu" dau andaluziarren aurkako partiduan gertatutakoa: ondo defentsan eta zorroztasun barik erasoteko orduan. Egun batetik bestera ezin dira arazo guztiak konpondu eta gitxienez taldea defenditzeko orduan erakutsi dituen zuloak konpontzen dabil. Hurrengo urratsa, agian gatzagoa, erasoko jokoari falta jakon zorroztasuna emotea izango da.
Athleticeri igarri egiten jako denboraldi hasierea oso gorabeheratsua euki dauela. Hamabi gol jaso eta partidu makalak egin ostean, Marcelo Bielsaren gizonak konfiantzea berreskuratu gura dabe. Hori ez da egun batetik bestera lortzen. Apurka apurka joan behar dabe eta horretarako oso garrantzitsua da atzerapausorik ez emotea, aurrerapausoak txikiak izan arren. Kontuak kontu, zuri-gorriek hondino ez dabe kendu ganetik denporaldi aurreko gertakariak eta lehen partiduetako emai-tza txarrek sortutako presinoa. Malagaren aurka emoten eban lehentasuna golik ez jasotea zala. Erasora begira, gitxitan ikusi dodaz Athleticeko jokalariak hainbeste pase huts egiten. Taldekideari baloia emoterakoan huts egin ezkero ez dago sakontasunik ezta zorroztasunik be. Egia esateko, zelaiaren egoereak be ez eban askorik lagundu, siku eta gogor egoan-eta.
Ander Iturraspe, Gurpegi eta Ekiza izan ziran jokalaririk onenak azken partiduan. Bielsaren gizonak gero eta hobeto dabilz defenditzeko orduan. Erasora begira, ostera, Muniain, De Marcos eta Ismael Lopez ez dabilz bape-bape fin. Entrenatzaileak Fernando Llorente eta Ibai Gomez zelairatu ebazan atsedenaldian baina euren ekarpena oso eskasa izan zan. Badago zer hobetu.
Raul atezain gazteari jagokonez, ondo bete eban euki eban lan apurra. Etorkizun oparoa opa deutsat baina ez dot bidezko ikusten Gorka Iraizoz gurutzean josi eta lurperatzea, askok egin daben moduan. Rauli asko geratzen jako Iraizozen mailara iristeko eta ez dogu geure burua engainau behar: Athleticek gaur egun daukan atezain onena Gorka Iraizoz da. Bera atean dala heldu ginan Kopako finalera eta Europa Leagueko finalera eta aurten be Athletic sailkapeneko hamabosgarren postuan badago ez da atezain nafarraren erruagaitik.
Normalizazinorako bide luze horretan, Athleticek Anoetan dauka hurrengo hitzordua. Aurreko urtean ligako seigarren jardunaldian jokatu zan derbia Donostian eta bertan lortutako garaipena mugarri izan zan taldearen hazkunderako. Esan beharrik ez dago garaipenaren balioa ikaragarria izango litzatekeala.
Jose Anjel Iribarren 614 partidua jokatu dauz Athleticegaz hamazor-tzi denporalditan. Halanda guzti be, edozeinek ezin leike esan Txopoa jokatzen ikusi ebanik. Izan be, orain berrogeta hamar urte ez eben partidurik emoten telebistaz eta Iribar ikusteko aukera bakarra San Mamesera joatea zan. Gaur egun talde guztien partidu guztiak emoten dabez telebistaz eta bonbardaketa horreri esker lau txakur txikiko idoloak sartu deuskuez gure etxeetan. Athleticen filosofia erasopean dabilen sasoi honetan, oso garrantzitsua da Jose Anjel Iribar gogoratzea eta goraipatzea, etorkizuneko Athleticeko jokalarien aurrean eredu lez aurkeztuz. Iribarrek batzen dauz Athletic sentimentuaren osagarri guztiak. Harrokeri handiz esaten dot Iribarregaz musean jokatutakoa nazela.