Síguenos en redes sociales:

Carpe Diem!

Gaurko artikuluari ipini deutsadan izenburua ikusita ez pentsa latina menperatzen dodanik. Institutuko literaturatik gogora- tzen doten gauza apurrenetakoa da. Athleticek eta Bartzelonak jokatuko daben kopa finalaren harira dator Carpe Diem hori. Aspaldi honetan, eta azken egunetan gero eta gehiago, Bartzelonaren aurka zer egingo dogunentz itauntzen deuste behin eta barriro. Bukaresten jazotakoak min handia egin deusku Athletic zaleoi eta beste belarri ondoko baten bildur gara Bartzelonaren aurkako Kopako finalaren atarian.

Ez dakit zer gertatuko dan datorren barikuan, baina egun horreri begira erdi ilusinoz eta erdi ikaraz egon beharrean, disfrutau daigun egunerokoagaz. Carpe Diem! Gozau daigun gure herrietan dagoan giro zuri-gorriaz, joan gaitezan Lezamara gure mutilen entrenamentua ikustera eta giroaz gozatzera. Aste honetan, egun politak bizitzeko aukerea izango dogu. Goizerik gauera aprobetxau behar doguz. Finalaren egunean, Athletic zale gehienak ez dira Vicente Calderonen egongo eta herriko plazetan, lagun baten etxean, txokoan eta beste hainbat lekutan jarraituko dabe finala. Aprobetxau lagun giroan biziko dozuzan une horreek. Izan be, ondo pentsau ezkero eta estadistikeari begiratuta, urte asko igaro daitekez barriro final baterako txartela eskuratu arte.

Hau guztia esanda, guzurretan ibiliko nintzake barikuko finaleko emaitzari garrantzia kendu behar jakola esango baneu. Inondik eta inora bez. Athleticek titulu bat behar eta merezi dau. Baina horren guztiaren ganetik uste dot, balorau egin behar dogula Athleticek denporaldi honetan egin dauena, finaletako emaitzen ganetik. Urte asko eta asko egon gara final batera joan barik eta irabazteko goseak ez deusku disfruta- tzeko aukerea baldintzatu behar. Tempus Fugit! Carpe Diem!

Athletic zaleok gogoan daukagu orain dala hiru urte Bartzelonaren aurka Mestallan jokatu eta galdu genduan Kopako finala. Toquerok gola sartu ebanean zerua ikutu genduan hatsamar puntakaz baina laster jausi ginan Guardiolaren mutilen nagusitasunari aurre egin ezinda. Inork ezin leike aurreratu zer gertatuko dan barikuko finalean. Bukaresteko finala dogu adibiderik onena. Inork ez eban pentsauko Athleticek 3-0 galduko ebanik. Hori dala eta, ni neu baikor nago. Eta ez da forofismoa. Marcelo Bielsak finala ondo prestatzeko astia euki dau eta eguneroko entrenamentuetan gorputz eta arima ipinten dabil bere jokalariak astindu, Bukaresteko esperientzia txarraren aztarnak ganetik kendu eta Bartzelonari irabazteko gauza dirala igortzeko.

Bielsak hamar mila bider irudikatu dau finala bere ametsetan. Ez dakit Messiren ganeko markaketa berezirik aginduko dauen. Ez dakit taktikoki zeozer ikutuko dauen. Baina, Bartzelonari Kopako finala irabazteko ezinbestekoa izango da benetako Athletic ikustea Vicente Calderonen. Benetakoa dinot ze Bukaresten ikusi genduana ez zalako izan denporaldi honetan liluratuta itxi gaituen taldea. Athletic onena ikusten badogu Kopako finala irabazteko aukerak izango doguz eta Guardiolaren taldeak izerdi asko bota beharko dau garaipena eskuratu gura badau.

Gitxitan egon naz Madrilen, behartuta guztietan, eta oraingo honetan be ez noa gogo onagaz. Athletic zale askoren artean ikara edo kezka puntu bat dago. Talde ultraeskuindarrek manifestazino deialdiari eutsi egiten deutse eta jentea kezkatuta dago. Onartuezina da makarra talde biolento ba- tzuk izua eragitea Athletic eta Bartzelonako zaleen artean. Itxaron daigun Madrilgo agintariek hartu beharreko neurriak hartzea legea urratzen dabenen aurka.

Athletic zaleei eskaera bat: partidua okertzen bada, ez geratu isilik. Ekin Athletic animaten!