Zenbakien ganetik
LIGA txapelketea amaituta balorazinoak egiteko sasoia da. Hogeta hamazortzi partidu jokatu eta gero Athleticek sailkapeneko hamargarren postuan amaitu dau, igaz baino lau postu atzerago eta bederatzi puntu gitxiagogaz. Horixe dinoe zenbakiek. Hotzak eta adierazgarriak dira. Hauxe da balorazino kuantitatiboa Ligari jagokonez. Edozelan be, Athleticek partiduak jarraitu doguzanok ondo baino hobeto dakigu, Liga txapelketan egindakoaren balorazinoa herren geratuko litzatekeela zenbakiak begiratuta bakarrik. Izan be, Marcelo Bielsaren taldeak joko bikaina egin dau partidu askotan eta ondo jokatu ez dauenetan be, joko erasokorraren aldeko apustu garbia egin dau. Aurreko denporaldian baino atzerago sailkatu arren, aurtengo Athleticek partidu guztiak irabaztera urten dau eta ilusino ikaragarria sortu dau zaleen artean. Gozatu egin dogu.
Brankagane honetatik behin baino gehiagotan esan dot, Espainiako Liga txapelketan Athletic baino hobeak dira talde bi baino ez dagozala: Real Madril eta Bartzelona. Beste guztiak ez dira Bielsaren taldea baino gehiago. Liga txapelketea hamargarren postuan amaitu eta gero, eutsi egiten deutsat neure usteari. Valentzia kenduta -Manchester United kanporatu osteko jardunaldian irabazi eban 0-3 Emeryren taldeak San Mamesen- Athleticek aldeko gol averagea euki dau sailkapenean bere aurretik geratu diran Malaga, Atletico Madril, Osasuna, Sevilla eta Mallorcagaz. Eta Valentziaren aurka be irabazteko zorian egon zan Mestallan.
Barriro be zenbakietara eta estadistiketara begiratu behar dogu Athletic Ligako sailkapenean hamargarren geratu izana ulertzen ahalegintzeko. Bielsaren taldea -normala dan moduan entrenatzailea barria danean- makaltxu hasi zan eta puntu bi baino ez eban lortu Ligako lehen bost jardunaldietan. Txapelketako azken lau partiduetan be puntu bakarra eskuratu dau Bielsaren taldeak. Atzerago begiratuta, Manchester United Europa Leaguetik kanporatu eta gero Ligan jokatutako hamabi partiduetatik sei galdu eta hiru bardindu dauz. Beste era batera esanda, hogeta hamasei puntutik, hamabi baino ez dau lortu Athleticek. Honeri guztiari gehitu egin behar deutsagu partiduetako azken minutuetan galdutako puntuak.
Europa Leaguen egindako ibilbidea ikaragarria izan bada be, zama astunegia izan da taldearentzat. Marcelo Bielsak ahaleginak egin dauz ahalik eta ondoen kudeatzeko plantilea baina ezin da ukatu hamaikakoan aldaketak egin dauzanean taldearen errendimenduak beherakada nabarmena izan dauela. Garbi dago, beraz, taldea indartu egin behar dala hurrengo denporaldirako.
Liga txapelketea kilin kolan amaitu eta Europa Leagueko finalean kokoteko itzela jaso ostean, Marcelo Bielsak bere jakituria guztia erabili behar dau bere jokalariak berreskuratzeko. Erakutsi beharreko guztia erakutsita dagoanean, Athleticeko entrenatzaileak lan psikologiko eraginkorra egin behar dau Bartzelonaren aurkako finalerako. Bucaresten ikusi genduan taldea ez zan gure Athletic izan. Manchester Uniteden aurka Old Trafforden Europa osoa liluratuta itxi eban taldea berreskuratu behar dogu. Hori lortuta, Espainiako Erregearen Kopea irabazteko gauza da Marcelo Bielsaren taldea.
Beste alde batetik, zorionik beroenak Amorebietari. Asier Intxaurragaren taldeak egin dauena ikaragarria da eta ezuste bat baino gehiago emon leike play offean. Gaur egun, Bizkaiko bigarren taldea Athleticen atzetik. Animo Bingen Arostegik zuzentzen dauen gazte mailako taldearentzat Bartzelonaren aurkako kanporaketan. Gauza bera Danok Batentzat Santanderko Racingen aurkako lehian.