AJURIA Eneako jauregitik Armentiarako bidean, hiru sekretu gordetzen dituzten bi zuhaitz garai daude. Vera Cruz ikastetxearen patioaren alboan daude zuhaitzok eta adar biluzien artean hiru baloi dituzte harrapatuta, bata gorria, beste biak zuri-beltzak. Aspaldian daude han, zuhaitzek ahoratuta. Handik igarotzen naizen bakoitzean ikusten ditut. Udaberria eta udan ia ikusezinak dira, hosto berdeen artean ezkutaturik, baina udazkena heltzen denerako han agertzen dira. Bai, baita aurten ere, baloiak. Nire kalkuluen arabera, baloi gorriak egingo zituen han ia bi urte. Beste biak beranduago agertu dira.

Umeak sekulako ostikoa eman dio baloiari, airean bidali du, hainbesteko indarraz, baloia ez da zerutik jaitsi. Eta ume guztiak zerura begira geratu dira, geldi-geldirik, Jainkoari baloia buelta-tzeko eskatuz bezala. Orduan batek esan du: Hor dago, zuhai-tzean! Eta, lepoa jaso eta hasperen egin dute guztiek batera. Ezinezkoa da harrapatzea. Baloi berri bat nola lortu pentsatzen hasi beharko dira.

Baloi gorria ikusten dudan bakoitzean sekuentzia bera ikusten dut. Baloi bat baino ez da, zuhaitz bat baino ez da, baina nahikoa indarra dute biek batera nire irudimenean sekuentzia oso bat sortarazteko. Geldirik daude, baina nire buruan mugimendua sortzeko gaitasuna dute. Elementu arruntak dira, baina egoera berezi bat ekarri didate gogora. Isilak dira, baina gaur hutsik dagoen eskolako patio bateko umeen algara eta irrien soinuak dakarzkidate burura.

Baloi gorria izan zitekeen ipuin bat idazteko beharrezkoa den detaile inspiratzailea, edo argazki on bateko elementu protagonista, edo margo bati indarra eta zentzua ematen dion objektua.

Izan ere, gure inguruan dagoen elementu eta objektu arruntenak ere istorio bat ezkutatu dezake. Adi begiratzean, horretan datza gakoa