Sarritan esan izan dot irabazteko zein galtzeko moduak eta moduak dagozala. Athleticek galdu egiten dau Atletico de Madriden zelaian jokatzen dauenean –ia gehienetan behintzat– eta barriro be han galdu izanak ez gaitu ezustean harrapau behar. Kontua da, porrota zelan heldu zan ikusita are mingarriagoa bilakatzen dala. Lehen zati duina egin eta atsedenaldira markagailuan aurretik zirala heldu ostean, zuri-gorriek oparitu egin eben garaipena bigarren zatiaren hasiera negargarri baten. Egia esateko, itzalaldi horrek be ez gaitu ezustean harrapau behar, denporaldi honetan antzeko hainbat desilusino hartu doguz-eta.

Osasunaren aurkako partidu “erabakigarria” irabazi ostean, danok pentsa gura genduan, lepo ganetik zama astuna kenduta, Athleticen erreakzinoa etorriko zala ligako azken sei jardunaldietan, Atletico de Madriden aurkako partidutik hasita. Ganera, ustez behintzat, une aproposa zan Metropolitanon zeozer eskuratzeko, etxeko taldeak txapeldunen ligako finalaurrekoetako kanporaketako joaneko partidua jokatu behar ebalako.

Valverderen gizonek lehen zati duina egin eben, holako partiduetan egin behar dana eginez: atzealdean sendo eta gol aukerak baliatu. Paredesek aurreratu egin eban talde zuri-gorria markagailuan eta aurkariak ezer gitxi egin eban Unai Simonen ate aurrean. Gauzak holan, itxaropentsu ekin geuntson bigarren zatiari garaipena eskuratzea posible zala pentsauta. Minutu gitxi batzuk, baina, nahikoak izan ziran ametsa amets-gaizto bihurtzeko. Beste munduko ezer egin barik, etxeko taldeak irauli egin eban markagailua, Athleticeko jokalarien trentina baliatuta. Benetan gatxa da ulertzeko zelan hasi daiteken hain txarto bigarren zatia. Esango neuke, ez Valverdek ezta jokalariek eurek be ez dabela ulertu bigarren zatiko lehen hamar minutuetan gertatutakoa. Hortik aurrera, Atletico de Madridek ederto kudeatu eban bere aldea markagailuan, erasoan gauza gitxi egiteko gauza izan zan taldearen aurka. Kontuak kontu, Athleticek aukera bikaina galdu eban zelai konplikatu baten garaipena eskuratu eta jauzi handia emoteko sailkapenean.

Bost jardunaldi geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta ikusitakoa ikusita eta jazotakoa jazota, gure itxaropenerako gaitasuna ia agortuta dago. Halandabe, eta harrigarria bada be, zuri-gorriek hiru puntura daukie sailkapeneko seigarren postua eta Europara joateko aukerea. Lau talde, Getafe, Celta, Reala eta Osasuna dagoz Athleticen aurretik hiru puntuko tartearen barruan. Hori bai, beste bost dagoz atzetik ate joka: Rayo Vallecano, Espanyol, Valentzia, Elche eta Girona. Zuri-gorrien eskuetan dago Europarako sailkapena eskuratzea. Taldearen jokoa ikusita ez da erraza baikor egotea. Asteak eta asteak daroagu partidu biribil bat itxaroten baina zuri-gorriek ezin dabe berreskuratu aurreko denporaldiko sendotasuna eta joko ona. Erasora begira, burditik tiretu behar daben jokalariak desagertuta dagoz. Valverdek ez eban hamaikakoan sartu Sancet bigarren bider jarraian eta Williams anai biak kendu egin ebazan bigarren zatian Metropolitanon ezinean ebilzalako.

Halandabe, ezin esan Europarako borrokan sartuta dagozan taldeak be oso potente dabilzanik. Beraz, gatxa bada be, eutsi egin behar deutsagu itxaropenari. Mendizorrotza leku aproposa izan daiteke –aspaldiko partez– ukabilkada bat emoteko mahai ganean.