Haginka egitera Anoetara
Denporaldiko partidurik garrantzitsuena jokatuko dau bihar Athleticek Donostiako Anoeta estadioan. Kopa txapelketako finalerako sailkapena dago jokoan eta esan beharrik be ez dago zelako uholdea eragingo leuken zuri-gorriak Sevillako finalean sartzeak. Egia esateko, Ernesto Valverderen taldeak ez deusku emon baikor egoteko arrazoi handirik. San Mamesen jokatutako joaneko partiduan, aurkaria nagusitu egin jakon etxeko taldeari. Halandabe, zuri-gorriak bizirik daukiez kanporaketea gainditzeko aukerak, gol bakar bategaitik galdu eben-eta. Ukaezina da, Donostiako taldea faboritoa dala finalerako sailkatzeko. Alde batetik, aurretik dagoalako kanporaketan eta bestetik, etxean, zaleen babesagaz jokatuko dauelako biharko partidu erabakigarria.
Hori bai, ez dakit oso ondo zergaitik, baina Athletic zaleak, orokorrean, baikor gagoz biharko partidura begira. Lehen esan dot Valverderen mutilek ez deuskuela motibo handirik emon baikortasunez ekiteko kopako finalaurrekoetako kanporaketako bueltako partiduari. Liga txapelketan hiru garaipen kateatu arren, zuri-gorrien jokoa ez da ona izan. Rayo Vallecanoren aurka be, ezer gitxi egin eben -lehenengo zatian batez be- eta etxeko taldeak aukera ugari sortu ebazan Unai Simonen atean. Dana dala, badago baikor egoteko arrazoirik be. Athleticek partidu bi jokatu dauz Realaren aurka otsailean, biak San Mamesen, eta ez da garaipena eskuratzeko gauza izan ez ligan ezta kopan be, negargarri eta ezinean arituta ganera. Kontuak kontu, oso gatxa da otsaileko partidu bi horreetan baino makalago jokatzea bihar Anoetan. Ezinean ibilita be, zuri-gorriek bardinketea lortu eben ligako partiduan eta gol bakar bategaitik galdu kopakoa. Ernesto Valverdek zuzentzen dauen taldeak badaki futbolean jokatzen, eta ondo ganera, denporaldi honetan —tartean arazo ugari dirala— gehienetan joko eskasa erakutsi badau be. Aurretikoak be badagoz. Aurten bertan, zuri-gorriek irabazi egin eben Mestallan Valentzia kanporatzeko. Orain dala hamaika urte, 2015eko martxoaren 4ean, Athleticek kopa txapelketako finalerako sailkapena eskuratu eban Espanyolen zelaian 0-2 irabazita Aduriz eta Etxeitak sartutako golei esker, joaneko partiduan bana bardindu ostean.
Athleticek garaipenaren bila urten behar dau bihar Anoetan, Elcheren aurka San Mamesen egin eban moduan -ia ate aurrean Sarabiaren taldearen aurkako lehian baino zorrotzago agertzen badira- Oviedo edota Rayo Vallecanoren aurkako partiduetako lehen zatian erakutsitako irudi negargarria ahaztuta. Horretarako, gorputz eta arima ipini behar dabe bedar ganean lehen minututik. Unai Simonek Rayo Vallecanoren aurkako partiduaren ostean esan eban legez, Athletic bigarren mailako aurkari bat da intensidade barik jokatzen dauenean. Eta intensidadea borondate kontua da. Gogo kontua eta negoziauezina. Lehoiei igarri egin behar jake, hasiera-hasieratik, kopa txapelketako finalerako sailkapena dagoala jokoan, horrek familia zuri-gorriarentzat suposatzen dauena oso kontutan eukita.
Mila Athletic zale baino gitxiago egongo dira bihar Anoetako harmailetan. Valverderen gizonak, baina, ez dira bakarrik egingo milaka zaleren babesa eukiko dabe-eta, euren etxeetatik, txokoetatik edota danadalakotik. Zuri-gorriek ezin dabe huts egin. Urteko partidua da, denporaldiaren norabidea aldatu leikena.
