Sasoi onenaren bila
Athleticek ez dau buruari bueltak emoteko asti handirik euki zapatuan Alavesen aurka aspaldikorik eta partidurik makalena jokatu ostean. Izan be, Txapeldunen Ligako lehen partidua jokatuko dabe zuri-gorriek gaur Arsenalen aurka San Mamesen. Honelako kasuetan, ez dakit merezi dauen atzera begiratzen segiduteak derbian txarto egindakoak aztertu eta hobetzeko, ala aukerarik onena aurrera begiratzea bada talde arabarraren aurka gertatutakoari garrantzi handiegirik emon barik. Istripu bat izan zan eta kitto.
Esan beharrik ez dago, edozein taldek euki leikela arratsalde txar bat eta Athleticek horrelako bat euki eban Alavesen aurka. Sailkapenera begiratzen badogu, Valverderen taldeak hasiera bikaina emon deutso denporadiari, lau jardunalditan hiru garaipen eskuratuta. Halandabe, Alavesen aurka gertatutakoak ausnarketarako arrazoiak emon deuskuz. Hasteko, Athleticek aukera bikaina galdu eban laugarren garaipena kateatu eta historiako markarik onena lortzeko ligako lehen jardunaldietan. Ganera, horixe zan modurik onena Arsenalen aurkako partidura sasoi bete-betean iristeko. Egia esateko, zapatuan Katedralera joan ginan guztiok uste genduan Valverderen ekipoa derbia irabazteko gauza izango zala. Horretarako, baina, aurkariak baino gol gehiago sartu behar dira eta zuri-gorriek ez eben ia arriskurik sortu Alavesen ate aurrean. Ezintasuna erakutsi eben Coudet entrenatzaile argentinarrak zelaian ipinitako giza hesiak gainditzeko. Norgehiagoka amaitu osteko prentsaurrekoan Valverdek esan eban txispea falta izan jakola bere taldeari, golak sartzeko aukera ugari sortu behar dituela gogoratuz. Ez dakit entrena-tzaileak dinoana izan zan zuri-gorriei falta izan jakena. Baldar ikusi nebazan, aukaria gainditu ezinik eta huts asko eginda, pasean zein errematean. Bata dala, bestea dala kontua da, Athleticeko erasoko gizonak ezinean ibili zirala.
Valverdek arazo bat dauka erasoko lerroan. Maroan zelairatu eban ligako lehen partidu bietan, Berenguer Sevillan eta Guruzeta Alavesen aurkako partiduan. Gasteiztarraren zein donostiarraren errendimendua oso eskasa izan da orain arte. Arazoa da, aurrelariaren atzeko hiruko lerroko jokalarien ekarpena be nahi eta espero baino makalagoa izaten ari dala. Iñaki Williams ez dabil bape fin eta ez dau min egiten bere hegaletik. Ahalegin handiak egin arren, ez dau arriskurik sortzen aurkariaren ate aurrean eta, jakina, taldeak igarri egiten dau. Beste alde batetik, Oihan Sancet desagertuta egon da Alavesen aurka eta ez dogu orain deskubriduko zelako garrantzia daukan jokalari nafarrak zuri-gorrien erasoko jokoan. Lesino bat gainditzetik dator eta denporea beharko dau sasoi betean egoteko. Ganera, atzealdeko hegaleko jokalari bien ekarpena erasoan, Aresorena eta Yurirena, gura baino makalagoa izaten ari da.
Alavesen aurkako partiduaren ganeko balorazinoa amaitzeko garbi aitortu behar da Athleticek ez ebala irabaztea merezi izan. Era berean, ostera, Alavesek be ez eban merezidu hiru puntuak eskuratzea. Meritoa emon behar jako talde arabarrari Athleticen erasoko jokoa ezerezean itxi ebalako baina suerteak lagunduta irabazi eban Katedralean. Hori azpimarratu gura dot ze partidu osteko Coudeten prentsaurrekoa entzunda, edoizenek pentsauko eban Alavesek sekulako pasadea emon eutsola etxeko taldeari. Eta ez zan horrelakorik gertatu.
Seguru nago Athleticek gaur Arsenalen aurka jokatuko dauen partiduak ez dauela zerikusirik izango zapatuan ikusi genduanagaz. Beste Athletic bat ikusiko dogu, danok nahi dogun talde sendoa eta erasokorra. Gozatzeko eguna da gaurkoa. l