Aspaldiko garaipenik errazena lortu eban Athleticek domekan San Mamesen. Valverdek sarritan gogoratzen dauen legez, aurkariak be jokatu egiten dau eta Valladolidek erraztasun handiak emon eutsazan talde zuri-gorriari. Alvaro Rubio, Pucelako taldeko entrenatzaileak ondo esan eban Athleticeko jokalariek odola usaindu eta txikitu egin ebela aurkaria. Zazpi gol sartu ebezan baina beste dozena erdi sartzeko aukera garbiak euki ebezan, aspaldion Katedraletik igaro dan lehiakide makalenaren aurka. Kontuak kontu, gogoratu be ez dogu egiten noiz galdu eban azken partidua Valverderen taldeak. Izan be, hamasei jardunaldi daroaz galdu barik, iazko urriaren 6an Gironatik esku hutsik itzuli zanetik hiru penalti huts egin ostean.
2024-25 denporaldia une erabakigarrian sartzear dagoanean, Athletic ondo kokatuta eta indartsu iritsi da azken txanpara. Laugarren dago sailkapenean eta Europako Ligako final zortzirenetako kanporaketeari ekingo deutso. Urtarrilaren 4tik otsailaren 2rako tartean zazpi partidu jokatu ostean –Oihan Sancet eta Ruiz de Galarreta, taldeko jokalari garrantzitsuenetakoak barik–, zuri-gorriek “atsedena” hartzeko aukerea euki dabe otsailean, astean norgehiagoka bakarra jokatuta. Valverderen mutilei ondo etorri jake ligako partiduak bakarrik jokatzeko aukerea izatea, barrindartuta ekiteko denporaldiaren azken txanpeari. Betis, Girona, Espanyol eta Valladoliden aurka ahalik eta puntu gehien lortu behar ebezan maratoiari berrekin aurretik eta zuri-gorriek ez dabe hutsik egin zortzi puntu eskuratuta.
Partidu gogorrak bezain erakargarriak datoz. Hasteko, Metropolitanon jokatuko dau Athleticek zapatuan. Estadistikak lehoientzat zelai gatxa dala badinosku be, une aproposa izan daiteke Simeoneren taldearen aurka jokatzeko. Izan be, Bartzelonaren aurkako kopako final aurrekoetako partidua daukie bihar eta hurrengo astean Real Madriden aurka jokatuko dabe Txapeldunen Ligako final zortzirenetako kanporaketan. Valverderen gizonek aukera bikaina daukie ukabilkada bat emoteko mahai ganean. Sancet, Galarreta eta Nico Williams errekuperatuta, zuri-gorriek urrats handia emon leikie sailkapeneko goialdean sendotzeko borrokan.
Valladoliden aurkako partidura itzulita, pozgarria izan da Nico Williams bere mailarik onenean ikustea barriro. Jokalariak berak autortu dauen lez, denporaldi honetan bere errendimendua aurrekoan baino makalagoa izan da. Esan beharrik ez dago Nico Williams erabakigarria izan daitekela Athleticek denporaldia amaitu bitartean jokatuko dituen partiduetan.
Zalantzak egozan federazinoaren lehen mailako ligatik etorren jokalariaren errendimenduaren ganean. Maroan Sannadik, ostera, argi eta garbi itxi dau taldeari emon leikion laguntzea garrantzitsua izan daitekela. Denpora gitxi behar izan dau titulartasuna eskuratu eta bere lehen gola sartzeko.
Eta zer esan geinke Oihan Sanceten ganean orain arte esan ez dogunik. Mikel Jauregizarrek esan eban moduan, baloiagaz zer egin ez dakizunean gauzarik onena berari emotea da, edozer egiteko eta sortzeko gauza da-eta. Bermeotarrak gol bat sartu eban Valladoliden aurka eta beste bi sartzeko aukera garbiak euki ebazan. Egunetik egunera hobeto jokatzen dau eta lan ikaragarria egiten dau zelai osoan aurkariaren jokoa hausi eta baloiak berreskuratzeko. Ganera, garbi erakutsi dau gola daukan jokalaria dala. Benetako harribitxia. Kontuak kontu, Athletic indartsu iritsi da denporaldiaren azken txanpara.