Hiri-seinaleak, ibilbide freskoen mapa berri bat eta babesleku klimatikoen udal sarearen sustapena. Horiek dira asteazken honetan goizean, uztailaren 1ean, Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak, Tecnalia zentro teknologikoarekin lankidetzan, aurkeztu duen 'Jarraitu itzalari' izeneko kanpainaren ardatz nagusiak.
"Aste batzuetatik hona ikusi dugu muturreko beroa salbuespena izatetik eguneroko errealitate bihurtu dela eta horrekin bizitzen ikasi behar dugula. Horregatik, Bilbo herritarrak babestuko dituen hiria izan dadin nahi dugu, segurtasunez mugitzeko benetako alternatibak eskainiko dituena, termometroak estutu arren" adierazi du Nora Abete Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak.
Ekimenaren muina ibilbide klimatikoen mapa bat da, ibilbide seguru eta erosoak bermatzen dituzten irizpide teknikoekin egina. Ibilbide horiek itzaletan daude, irisgarriak dira, kalitatezko zuhaitzak dituzte, WBGT indizearen bidez neurtutako erosotasun termikoa dute eta hiriko babesleku klimatikoen arteko konexio eraginkorra.
Sarea bi maila osagarritan egituratzen da: hiri-sare bat, oinezkoen mugikortasunaren eta garraio publikoaren ardatz nagusiak egituratzen dituena, eta tokiko sare bat, babesleku klimatikoak -bai barrukoak, bai kanpokoak- elkarren artean lotzen dituena, kalerik irisgarrienak, ibilienak eta ikuspegi termikotik erosoenak lehenetsiz.
650 metroko ibilbidea seinaleekin
Kanpaina ikusarazteko, ibilbide horietako batean seinaleak ipini dira, zehazki, Azkuna Zentroko barruko babesleku klimatikoa eta Calixto Díez plazako kanpoko babeslekua lotzen dituena. 650 metro inguruko ibilbidean, oinezkoak gidatzeko biniloak ipini dira zoruan, kartelak faroletan eta publizitate-hesi bat eta, bide batez, QR kodeak eskaneatzeko, mapa osoa eta babeslekuen sareari buruzko informazioa eskuratzeko aukera izango dute.
Ibilbidearen elementurik bereziena itzaletako uharte bat da, Calixto Díez plazan kokatua; behin-behineko klima-babesleku txiki bat da, egurrezko jarleku batez, landaretzaz, seinalez eta bela motako ehun-estalki batez osatua. Espazio horrek atsedena, itzala eta hidratazioa eskainiko dizkie bero handieneko hilabeteetan inguruan ibiltzen direnei.
"Bero handiko egunetan kalera ateratzen direnek atseden hartzeko eta babesteko leku batetik minutu gutxi batzuetara daudela jakin dezaten nahi dugu. Lasaitasun hori bereziki garrantzitsua da adinekoentzat eta kolektibo zaurgarrienentzat", azpimarratu du Abetek.
134 babesleku klimatiko, nazio-mailako erreferentzia-sarea
Kanpainaren helburua da, halaber, Bilboko babesleku klimatikoen sarea ezagutaraztea. Sare hori, gaur egun, 134 espaziok osatzen dute: 68 barrukoak dira eta 66 kanpokoak, hiriko barruti guztietan eta seinale propioekin identifikatuta.
Aurten hiru berri gehitu dira, hiru barrutitan: Zazpikaleetako EHUko Esperientzia Gela, Abandoibarrako EHU Bizkaia Aretoa eta Basurtuko La Perrera eraikina. Gainera, Udala etengabe ari da lanean sarera atxikitako erakundeekin, besteak beste, bero-kolpeen aurreko lehen laguntzetako prestakuntzak, materialen banaketa eta koordinazio operatiboa hobetzeko. Aurten, Bilboko Farmazialarien Elkargoak eta Gurutze Gorriak ere parte hartu dute ekimen horretan.
Datozen egunetan, babeslekuetan informazio-liburuxkak jasoko dituzte muturreko tenperaturei aurre egiteko jarduketa-ildoekin, bai eta abanikoak ere, kanpainako baliabide digitaletarako sarbideari buruzko QR kodeak dituztenak. Itzala duten ibilbideen mapa berria hiriko barruko babesleku klimatiko guztietan banatuko da fisikoki.
"Bilbok urteak daramatza babesleku-sare bat eraikitzen, gaur egun nazio mailan erreferentea dena. Baina sarea erabilgarri izateko ezaguna izan behar da, eta kanpaina honekin bilbotar guztiek espazio horiek non dauden jakin dezaten nahi dugu, ibilbide freskoenetatik haietara nola iritsi eta hiriko baliabide propio gisa senti ditzaten", amaitu du Nora Abete alkateordeak.