Futbolean garaipena hiru puntugaz saritzen dabenetik, bardinketeari ez jako garrantzi handirik emoten, puntu bateko uztea urriegi lez ikusita. Edozelan be, bardinketa guztiak ez dira bardinak. Leganesen aurka San Mamesen jokatutako partiduaren ostean, zapore garratza geratu jakun puntu bik ihes egin ebela uste gendualako. Benito Villamarinen lortutako puntua, ostera, ontzat emon behar dogu, talde zuri-gorria hurrago ibili zalako galtzetik irabaztetik baino. Betisen zelaia gatxa izan da historikoki Athleticentzat eta domekan be ezin izan eban bere mailarik onena emon. Halanda be, Valverderen taldeak ez eban galdu, markagailuan atzetik bi bider egon arren. Izan be, zuri-gorriak ondo lehiatzen dira partidu guztietan eta ez dabe sekula amore emoten.

Urtarrilean zazpi partidu jokatuta ekin eutson Athleticek Betisen aurkako lehiari. Azkena, eguena gauean Viktoria Plzenen aurka. Ernesto Valverdek zazpi aldaketa egin ebazan hamaikakoan, ezusteko batzuk tartean. Zuri-gorrien entrenatzaileak Unai Gomez ipini eban aurrealdean, Oihan Sancetegaz batera, lau aurrelari –Djaló, Guruzeta, Marton eta Maroan– ordezkoen aulkian itxita. Atzealdean be, Lekue zelairatu eban ezker hegaletik Yuri Berchiche eta Adama Boiro deialdian egon arren. Kontuak kontu, erdilari bat aurrelari lez zelairatuta, Benito Villamarineko partiduak ez eukan itxura onik. Athleticek ez eban gauza handirik egin erasoan, ez, baina gol bi sartu ebazan. Arazo nagusia atzealdean egon zan, zuri-gorriak ez ziran-eta bape fin ibili Betisek sartu ebazan gol bien jokaldietan eta Bakanbuk huts egin eban beste aukera garbi baten. Ganera, atezainak iruntzi egin eban bigarren goleko jaurtiketea –geratzeko modukoa zan– eta lehen golaren jokaldian be ez eban asmatu Antonyren jaurtiketea desbideratzeko orduan.

Talde guztietan dagoz gizon batzuk jokatu ezinda. Partidu piloa jokatzeak dakarzan gurabako albokalteak dira. Talde batzuk beste batzuk baino gehiago igarten dabe zenbait jokalarik itxitako hutsuneak. Athleticek Iñigo Ruiz de Galarreta eta Nico Williams barik ekin eutson Betisen aurkako partiduari eta esan beharrik ez dago taldeak igarri egin ebala hareen faltea, oso jokalari garrantzitsuak dira-eta erasoko jokorako. Eibartarrak magia emoten deutso jokoari zelai erdian eta hegalekoa laban zorrotza da ezker hegaletik, bere maila onenean ibili ez arren. Horri gehitu behar deutsagu Guruzeta ez dabilela bape fin eta Djalok kreditu guztia –inoiz euki badau– galdu dauela. Oso esanguratsua da Valverdek Maroan Sannadi fitxatu nahi izana, lehen mailan esperientzia bako jokalaria izan arren. Athleticek bederatzi sendo bat behar dau, aurkarien atzealdeetan min egiten dauena. Sanaddi jokalari potentea da eta lagundu egingo deutso taldeari.

Urtarrileko maratoiaren ostean, Atheticek partidu bakarra jokatuko dau astero martxora arte. Girona, Espanyol, Valladolid eta Atletico de Madriden aurka jokatuko dau Europa Ligako final zortzirenetako kanporaketeari ekin aurretik. Vila-real gogor dator atzetik sailkapeneko laugarren postua lapurtzeko asmoagaz eta Valverderen taldeak mailarik onena berreskuratu behar dau Ligearen azken txanpara begira. Pilatutako nekea ezin da atxakia izan. Athleticeko entrenatzaileak aldaketa edo errotazino asko egin ditu Europan jokatzen hasi ziranetik baina apurka apurka bloke baten aldeko apostua mantentzen hasiko da. Lehia erabakigarriak datoz, datorren zapatukotik hasita. l