Zeozergaitik eragiten deutse hainbesteko ikarea Ernesto Valverderi kopa txapelketako hasierako kanporaketetako partiduek. Athleticeko entrenatzailea futbol gizona da, urte asko daroaz bedartzan eta ondo baino hobeto daki holako norgehiagokak uste baino gatxagoak dirala. Logroñesen aurkako lehiak garbi erakutsi eban –barriro be– partidu bakar batera jokatzen diran kanporaketetan –maila txikiagoko lehiakidearen zelaian– edozer gertatu daitekeela eta zelaian bardindu egiten dirala indarrak, teorian, talde bat bestea baino askoz indartsuagoa izan arren. Halandaze, Athletic, egungo kopako txapelduna, lehiaketatik kanpo geratzeko zorian egon da lehen kanporaketan, federazinoaren bigarren mailako talde baten eskutik.
Ez nago, inondik eta inora bez, zuri-gorriek Las Gaunasen jokatu eben partidu makala justifikatzen. Athleticen eginbeharra zan Logroñes kanporatzea eta zalantza barik esan geinke, benetako hondamendia izango zala kanporatuta geratzea.
Edozelan be, urterik urtera ikusten dogun errealidadea da, lehen mailako talde ugari kanporatuta geratzen dirala kopa txapelketatik maila baxuagoko taldeen aurka. Aurten bertan, Mallorca, Sevilla, Vila-Real, Espanyol edota Sevillari gertatu jake. Gatxa da ulertzeko, logikearen aurka doa, baina gertatu, gertatu egiten da. Zorionez, amildegiaren ertzean olgeta arriskutsua egin arren, zuri-gorriak final zortzirenetako zozketan egongo dira.
Aldaketa asko egin ebazan –gehiegi agian– Ernesto Valverdek hamaikakoan kopako lehen kanporaketeari ekiteko, minutu gitxi jokatzen dabezan gizonak zelairatu eta normalean titular izaten diranei atsedena emonda. Eta neure lagun kazetari batek Las Gaunesen jokatutako partidua amaitu ostean esan eban legez, Logroñoko lehiaren aurretik ordezko ziran batzuk, ordezko izaten jarraituko dabe. Izan be, zenbait jokalariren errendimendua makala izan zan benetan, Alvaro Djalotik hasita. Berak gustoko dauen lekuan –zelai erdiko ezker hegala– zelairatu eban entrenatzaileak eta hasierako minutuetan polito ibili bazan be, handik aurrera noraezean ibili zan, orain arte erakutsi deuskunaren bidetik. Ez deutsagu orain erru guztia berari botako, inondik eta inora bez.
Izan be, talde osoa ezinean ibili zan erasoan. Gorka Guruzeta bera be, ikusi be ez genduan egin minutu askotan. Hainbeste aldaketa batera egiten diranean, taldearen arimea bera be, ikutu egiten dala esango neuke. Beste ikuspuntu batetik aztertuta, ostera, lehen mailako talde bateko plantilako kide guztiak dira baliagarriak holako kanporaketa bat jokatzeko. Holako partiduetan, zer galdu asko dagozanetan, hasierako hamaikakoan urtetea aukeratzat ikusi badaiteke be, tranpa bat lez be hartu daiteke. Izan be, irabaztea gauza normaltzat joten da, ustez merito bakoa maila baxuagoko talde baten aurka. Galtzaile izan ezkero, ostera, ordezko jokalarien errua izango litzateke.
Logroñoko gertatutakoak garbi itxi euskun baita, bolada positiboak edozein momentutan amaitu daitekezala. Olatuaren ganetik, olatuen arteko ubiladara pasa gaitekez ondo konturatu barik. Futbola, futbola da, esaten eban Boskovek. Hau da, ezin gara lokartu aurkariak, berez, izerdi askorik bota barik menderatuko doguzala pentsauta.
Kopako lehen kanporaketan gertatutakoak akulu lanak egingo ditu Valverderen gizonentzat.
Eta Las Gaunaseko basatzan bigarren federazinoko Logroñesen aurka amildegira jausteko zorian egotetik, Saudi Arabiako King Abdullah Sport City Stadiumean Españako Superkopan Bartzelonaren aurka jokatzera pasauko dira zuri-gorriak egun gitxiren buruan. Hori beste kontu bat izango da, seguru baietz.