Athleticek ez dau olatu ganetik jaitsi gura. Liga txapelketako lehen itzulia amaituta, garbi geratu da zuri-gorrien loraldia ez dala bolada kontua. Ernesto Valverdek zuzentzen dauen taldeak entrenatzaile guztiek gura izaten daben erregulartasuna lortu dau eta bikain lehiatzen da partidu guztietan eta edozein aurkariren kontra. Aspaldiko urteetan ez dogu Athletic hain sendo ikusi. Zale guztiok ilusinoz ganezka gagoz, talde honek gauza handiak egin leikezala erakutsi dau-eta. Olatua, tsunami bihurtu dala esan geinke.

Hogeta bost partidu jokatu dauz Athleticek denporaldi honetan eta lortutako emaitzak bikainak ari dira izaten ezelango zalantza barik. Hamabost partidu irabazi, zazpi bardindu eta hiru bakarrik galdu ditu talde zuri-gorriak, Txapeldunen Ligea jokatzen dabilzan Atletico de Madrid, Bartzelona eta Gironaren aurka. Ganera, ez dogu ahaztu behar zelan gertatu ziran koltxoneroen eta kataluniarren aurkako porrotak. Horreri gehitzen badeutsaguz ganora barik galdutako puntuak, ez dot pentsa be egin gura non egongo zan sailkapenean Valverderen taldea hain esku zabal jokatu izan ez baleu.

Arestian esan bezala, zuri-gorrien loraldia ez da egun bateko, aste bateko edo hilabete bateko kontua. Izan be, Athleticek emaitza bikainak lortu dauz amaitzera doan urte honetan. Sekula ez dogu ahaztuko Mallorcaren aurka jokatu eta irabazitako Kopako finala, berrogei urteko sikate latzaren ostean. Ganera, zortzi partidu bakarrik galdu dauz eta hogeta bederatzi irabazi, inoiz lortutako laugarren markarik onena, errekorretik garaipen bira. 1956tik Athleticek ez dau hain partidu gitxi galdu urte baten. Hau da, emaitza historikoak lortzen dabil talde zuri-gorria. Kontuak kontu, taldeak erakusten dabilen erregulartasuna kontuan izanda, arrazoi asko daukaguz itxaropentsu egoteko denporaldiaren bigarren zatirako. Gatxa da esatea noraino heldu daitekeen talde hau, aurkariek be jokatu egiten dabela ahaztu barik, baina garbi dago Athletic menperatu gura dauen edozein taldek izerdi asko botatzea baino askoz gehiago egin beharko dauela.

Topikoari helduta, garrantzitsuena ez da kontua zelan hasten dan, zelan amaitzen dan baino. Egi biribila, bai, baina ondo hasten dana ondo amaitzen dala be esaten dabe. Baina emaitza eta zenbaki kontuak alde batera itxita, garbi esan geinke Athletic zaleok disfrutatzen gabilzela gure taldea egiten dabilenegaz. Urrunera lar begiratu barik, ilusinoz ekiten deutsagu hurrengo partiduari jakin dakigulako gure taldea ondo lehiatuko dala. Gozatu daigun Athletic honegaz eta gero gerokoak.

Gure memoria laburra da eta sarritan atzo bertan gertatutakoari emoten deutsagu garrantzirik handiena, orain dala urte gitxi batzuk gertatutakoa bigarren maila baten itxita. Halandabe, esango neuke aspaldiko urteetan ez dotela Athletic hain sendo ikusi. Egia da, igaz be ederto ibili zala Valverderen taldea baina aurten beste aurrerapausu bat emon dauela uste dot. Beste maila baten dabil lehiatzen. Erasora begira, talde zorrotza eta eranginkorra da. Hori guztia, Nico Williamsen bersinorik onena euki barik. Ez da fin ibili lehen itzulian eta Sadarren be Areso ganditu ezinik ibili zan. Sancet, Iñaki Williams eta Berenguer, ostera, bikain ari dira. Gauza bera esan geinke Ruiz de Galarreta-Jauregizar bikoteari buruz. Eta atzealdean, zuri-gorriak inoiz baino sendotasun handiagoa erakusten dabe. Mimen horreekaz, otzara ederra egin geinke.