Athleticek ezin izan dau zazpigarren garaipena kateatu Mendizorrotzan jokatutako derbian. Halandabe, zuri-gorriek galdu barik segiduten dabe. Eta ez da gitxi, astero partidu bi jokatzen ibilita. Kontua da, Valverderen taldeak txarto ohitu gaituela eta etxetik kanpo puntu bat eskuratzea ez dogu begi onez ikusten, garaipenak bakarrik balio deuskulako. Zorioneko ohitura txarra.
Futbolean bi gehi bi ez dira beti lau izaten. Athletic Alaves baino gehiago izan zan domekako partiduan –lehenengo zatian batez be– baina ezin izan eban garaipena eskuratu, Iñaki Williamsek partidua amaitu ostean esan eban legez, aurkariak be jokatu egiten dauelako eta etxeko taldeak ahalegin handiak egin ebazan bardinketea lortzeko. Ez jako talde zuri-gorriari bakarrik gertatu. Izan be, sailkapenean Athleticen goitik eta behetik dagozan talde gehienek –Atletico de Madridek eta Mallorcak kenduta– ezin izan eben garaipena eskuratu. Bartzelona liderrak ganera, –aste barruan Dortmunden irabazi ostean– galdu egin eban etxean Leganesen aurka. Real Madrid galtzeko zorian egon zan Vallecasen –ez dogu ahaztu behar Athleticek irabazi egin ebala Rayo Vallecanoren zelaian–, Realak ezin izan deutso irabazi Las Palmasi Anoetan eta Vila-realek be galdu egin eban etxean Betisen aurka, ordu bete luzean hamarren kontra jokatu arren. Halanda ze, ontzat emon behar dogu Athleticek Gasteizen lortutako puntua. Sailkapeneko laugarren postuan segiduten dau, hanka ta erdi ditu Europako Ligearen final zortzirenetan eta ondo merezidutako atsedena hartuko dau Osasunaren aurkako partidua jokatu ostean.
Hamaikako indartsua zelairatu eban Valverdek Mendizorrotzan, bost aldaketa eginda Istanbulen garaipena eskuratu eban taldeagaz alderatuta. Kontua da esfortzuak pilatu egiten dirala giharretan –baita buruan be– eta aldaketak egin arren be, jokalariek igarri egiten dabela astero partidu bi jokatzeak eragiten dauen zamea. Izan be, zuri-gorriek zazpi partidu jokatu ditue zemendiaren 24ean Reala menderatu ebenetik San Mamesen eta gorputz eta arima ipini dabe lehia bakotxean aurkariari presino itogarria eginez. Horrek, jakina, ordaina dakar. Edozelan be, ez daigun ahaztu Valverderen taldeak sei garaipen eta bardinketa bat lortu dituela zazpi partidu horreetan. Itzela, benetan be. Ganera, aurkariak ez dira nolanahiko taldeak izan: Reala, Real Madrid, Vila-real eta Fenerbahce, Elfsborg, Rayo eta Alaves gitxietsi barik.
Aurretik jokatutako partiduek eragindako nekea ez dot atxaki moduan ipinten Alavesen zelaian bardindu izana justifikatzeko. Errealitatea besterik ez da. Oihan Sancetek osorik jokatu ebazan Fenerbahce eta Vila-realen aurkako partiduak eta 80 minutu Real Madriden aurka. Antzeko zeozer esan geinke Iñigo Ruiz de Galarretaren ganean, eibartarra minutu piloa jokatzen dabil-eta. Biak ala biak ez ziran oso fin ibili Mendizorrotza. Gauza bera gertatu jakon Nico Williamsi. Aurreko baten esan genduan legez, Europan jokatzeak albo-kalteak dakarz. Begitu bestela non dagoan aurten Girona sailkapenean.
Aste barruan partidurik ez jokatzea ondo baino hobeto etorriko jake Valverderen gizonei atseden apur bat hartu eta Osasunaren aurkako partidua ondo prestetako. Eta zer esanik bez gabonetako geldialdia, urtarrilean eta otsailean datorrena oso gogorra izango da-eta. Athletic olatuaren ganean dago eta badakigu egunen baten handik jausiko dala baina orain arte ikusitakoa ikusita, erorketea ez da larria izango.