Ernesto Valverderi partidu baten osteko prentsaurrekoan behin baino gehiagotan entzun deutsagun lez, Athleticek eta Realak domekan San Mamesen jokatu eben norgehiagokak ez dau leku berezirik eukiko talde bien arteko derbien historian. Egia esateko Katedrala ia bete egin eben zaleek ez eben goi mailako ikuskizunaz gozatzeko aukerarik izan. Garaipena eskuratzeko merito gehien egin ebazan taldeak eskuratu ebazan hiru puntuak eta kitto.

Athleticek indartsu ekin eutson lehiari eta ito egin eban aurkaria lehen ordu erdian. Ezin esan zuri-gorriek denporaldiko partidurik onena egin ebenik, ez, baina Reala baina gehiago izan ziran hasiera-hasieratik. Izan be, Julen Agirrezabalak ez eban ia lanik euki partidu osoan eta are gitxiago lehenengo zatian. Aurkariak baino gol bat gehiago sartzea nahikoa da garaipena eskuratzeko baina emaitzea alde batera itxita azpimarratuko neuke zuri-gorriak zuri-urdinak baino gehiago izan zirala jarrera aldetik. Lehoiek grinatsu ekion eutsoen lehiari, derbi batek eskatzen dauen moduan. Beste alde batetik, gatxa da ulertzen Realeko jokalariek erakutsitako jarrerea: intensidade makalagaz eta baloia aurkariari emonda. Esanguratsua izan zan zuri-urdinen entrenatzaileak partidu ostean erakutsitako haserrea. Eta are gehiago Mikel Oyarzabalen erantzuna Imanolek egindako adierazpenen barri izan ostean. Auzokoaren etxean sartzeko asmo barik, pentsa lei urak nahastuta datozela Donostia aldean.

Arestian esandakoaren haritik, Athleticek ez eban partidu handia jokatu domekan derbian. Edozelan be, esan beharrik ez dago ondo jokatzea baino, hiru puntuak eskuratzea dala garrantzitsuena aurkari zuzen baten kontrako lehian. Ernesto Valverderen taldea erregulartasunaren bidetik dabil. Partidu bakarra galdu dau azken hiru hilabeteetan, Gironaren aurka hiru penalti huts egin ondoren. Guztira, hamalau partidutan –hamar ligakoak eta lau Europako Ligakoak– zortzi garaipen eta bost bardinketa lortu dauz. Ganera, gol bi baino ez dauz jaso azken lau partiduetan. Zuri-gorriak gero eta sendoago dabilz defenditzeko lanetan. Domekako partidua da sendotasun horren erakusgarririk onena. Realak ordu bete luzeko tartea euki eban bardinketaren golaren bila joateko baina aukera bakarra sortu eban Julen Agirrezabalaren ate aurrean. Beste era batera esateko, Athleticek ez eban arazo handirik izan bere atea hutsean mantentzeko. Nabarmentzekoa da Dani Vivian-Yeray Alvarez bikotearen lan bikaina. Valverderentzat oso albiste ona da Yeray bere mailarik onena berreskuratzetik hurre egotea.

Zelai erdia hiru jokalariren arteko kontua da, Iñigo Ruiz de Galarreta, Beñat Prados eta Mikel Jauregizarrena, eta hiruren errendimendua bikaina izaten dabil. Euren aurreko hirukotea edozein aurkari ikaratzeko gauza da. Sancetek bosgarren gola sartu dau ligan eta Nico Williams gero eta hobeto dabil. Alvaro Djalo agertzen da txanponaren beste aldean. Valverdek hasieratik zelairatu eban derbian baina ez eban aukerea baliatu galduta ibili zan-eta. Kezkatzen hasteko modukoa. Azkenik, derbiak barriro erakutsi eban Valverderen Athletic honek sekulako ilusinoa sortzen dauela zaleen artean, harmailak ia goraino beteta egon ziran-eta. Eta datorren eguenean beste azterketa bat Elfsborg talde ezezagunaren aurka. Pragako Slaviarekin gertatutakoa ikusi ostean, ez dogu pentsau behar garaipena eskuratzea erraza izango danik. l