Ugao-Miraballesko Udalak 40.328 euroko aurrekontua bideratu du Arandia inguruko eta Leitokiko ikastetxerako oinezkoentzako sarbidearen inguruko argiteria publikoa berritzeko. Aste honen amaieran, Udalak amaitutzat eman ditu espazio horien energia-eraginkortasuna eta segurtasuna hobetuko dituzten lanak.

Lan horiek udal argiteria modernizatzeko estrategiaren barruan kokatzen dira, eta Arandiako futbol-zelaia inguratzen duen oinezkoen pasealekuko hainbat gunetan eta Leitokiko eskolarekin lotzen duen Nerbioi ibai ondoko ibilbidean zeuden luminaria zaharrak eraginkortasun handiko LED teknologiadun argiekin ordezkatzea izan dute helburu.

Lehendik zeuden argi-puntuak berritzeaz gain, jarduketaren barruan sei luminaria berri instalatu dira Leitokirako sarbidean. Horrela, udalerriko ikasleek, familiek eta herritar askok egunero erabiltzen duten ibilbide baten argiztapena indartuta ikusiko dute. Hobekuntzari esker, instalazio horien energia-kontsumoa nabarmen murriztuko da.

Txosten teknikoen arabera, argiteria berritzeak urtean 12.000 kWh baino gehiagoko aurrezpena ekarriko du, eta, horrenbestez, udalaren energia-gastua murrizten lagunduko du, ingurumenarekiko jasangarriagoa eta arduratsuagoa den eredurantz aurrera eginez.

Adierazpenak

Ekaitz Mentxaka Ugao-Miraballesko alkateak nabarmendu duenez, “energiaeraginkortasuna hobetzea azken urteotan lantzen ari garen ildo estrategikoetako bat da. Horrelako jarduketei esker, zerbitzu publikoak modernizatu, energia-kontsumoa murriztu eta jasangarritasunarekiko dugun konpromisoan aurrera egin dezakegu”.

Mentxakak azpimarratu du, halaber, “esku-hartze honek ez duela soilik argiteriaren eraginkortasuna hobetzen; espazio horiek egunero erabiltzen dituzten pertsonen segurtasuna eta erosotasuna ere hobetzen ditu. Leitokirako sarbidean sei argi-puntu berri jartzea familiek eta ikasleek bereziki erabiltzen duten eremu batean antzemandako beharrari erantzuteko egin da”.

Instalatutako luminaria berriek energia-eraginkortasun handiko LED teknologia dute, eta kanpo-argiteriaren arloko indarreko araudi eta eskakizun tekniko guztiak betetzen dituzte. Horrela, espazio bakoitzaren beharretara egokitutako argiztapen egokia bermatzen da.

Jarduketa honen bidez, Ugao-Miraballesko Udalak udal-azpiegiturak pixkanaka hobetzeko lanean jarraitzen du, baita energia-kontsumoa murriztera eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetzera bideratutako neurriak ezartzen ere.