Garaipen guztiak garrantzitsuak dirala esan eban Ernesto Valverdek Las Palmasen zelaian irabazi ostean. Lehen lau jardunaldietan lau punto bakarrik lortuta joan zan talde zuri-gorria Kanaria Handira eta bertan eskuratutako hiru puntuek nasaitasun handia emon eutsoen, hurrengo jardunaldi bietan beste garaipen bi lortu ditu-eta. Kontuak kontu, egoera ezin hobean iritsiko da Athletic Europako Ligearen lehen partidura, aurretik lortutako hiru garaipenek emoten daben konfiantzeagaz. Eta hori guztia, plantilako gizon gehienak erabilita. Ohitzen hasi behar gara partidutik partidura aldaketa ugari egotera.
Bata bestearen atzetik lortutako hiru garaipenak, oso ezbardinak izan dira. Athletic, Las Palmas eta Leganes baino hobea izan zan zelaian eta ondo merezita eskuratu ebazan hiru puntuak. Celtaren aurka, ostera, zuri-gorriak menderatuta egon ziran partiduaren zati handi baten, baloiaren atzetik korrika, lehen zatian batez be. Halandabe, Valverderen taldea ez zan inoiz markagailuan atzetik egon, eraginkortasun itzela erakutsi eban-eta aurkariaren ate aurrean. Alde horretan, nabarmentzekoa da Gorka Guruzetak, aurreko denporaldian Athleticek euki eban goleatzaile onenak, Celtaren aurkako partiduan erakutsitako trebezia eta zorroztasuna. Berak aurreratu eban taldea markagailuan eta Celtak bardinketearen gola sartu ondoren, berak bideratu eban zuri-gorrien garaipena, Celta nagusi zanean zelaian. Burukada bikain bategaz sartutako bigarren gol horrek min handia egin eutson aurkariari. Claudio Giraldez, Celtako entrenatzaileak ederto laburtu eban San Mamesen gertatutakoa. Celta nagusi izan zan zelaian baina zuri-gorriak askoz gehiago izan ziran area bietan. Esan beharrik ez dago, sailkapenaren goialdean egon gura dauen taldearentzat oso garrantzitsua dala horrelako partiduak irabaztea. Giraldezek esan eban moduan, polito jokatzeak ez dau ezertarako balio azken metroetan eraginkor agertu ezean. Celtaren aurka, ganera, inork ez eban Nico Williams faltan bota, bere ordez jokatu eban Alex Berenguerrek partidu bikaina egin eban-eta.
Asteko hirugarren garaipena lortu arren, kezkatuta urten genduan Katedraletik Julen Agirrezabalaren lesinoa dala-eta. Atezainak ezin izan eban jokatu bigarren zatian, Celtaren golaren jokaldian kolpe bat jaso ondoren. Valverdek ez eban ezelango argibiderik emon gura izan atezainaren egoerearen ganean partidu osteko prentsaurrekoan eta ez dakigu Agirrezabalak non jaso eban kolpea eta zerikusirik daukan denporaldi aurrean orno batzutan izandako lesinoagaz. Argibiderik emon nahi ez izanak, atezainaren lesinoaren balizko larritasunaren ganeko zurrumurruak indartu baino ez ditu egin.
Partidu erakargarria bezain gatxa jokatuko dau Athleticek eguenean Erroman Europako Ligearen lehen jardunaldian. Erakargarria da talde zuri-gorria Europa mailako txapelketa batera itzuliko dalako sei urteko basamortuaren ostean. Ganera, itzulerako partidua ez da edonon jokatuko, Erromako Stadio Olinpikoan baino, Italiako talde handienetakoaren aurka. Denporaldiko lehen garaipena lortu dau Erromak domeka honetan Oier Zarraga jokalari zurigorri ohiaren Udineseren aurka, Ivan Juric entrenatzaile barriaren lehen partiduan. Beraz, liga hasierako emaitza txarrek biztutako sua amatauta ekingo deutso Erromak Athleticen aurkako partiduari. Ikusteko dago ia zelan erantzuten dauen Valverderen taldeak, hamaikakoan egongo diran jokalari askoren estreinako partidua izango da-eta Europa mailan. Edozelan be, baikor egoteko arrazoiak emon deuskuz talde zuri-gorriak.