denporaldi honetan ez dira azaldu Uriarte, Valverde eta Muniain taldearen helburua Europan sar-tzea dala esateko. Aurtengo lehen helburua San Mames gotorleku bilakatzea da igaz izandako puntu galera handiari amaierea emoteko. Izan be, Athleticek sendotasuna erakutsi behar dau etxeko partiduetan liga txapelketan zeozer lortu gura badau. Valverdek Betisen aurkako partiduaren ostean esan eban lez, Katedralera datozen taldeentzat ez da erraza izan behar puntuak eroatea. Eta San Mames gotorleku bilakatzeko ahaleginean, lehen urratsa emon dabe zuri-gorriek Betisen aurkako partiduan. Real Madriden kontrako lehian ezinean ibili eta Sadarren denporaldiko lehen garaipena eskuratu ostean, Valverderen taldeak ezinbestekoa eban garaipena Betisen aurka San Mamesen igazko mamuak barriro agertu ez eitezan.

Betisek gol bi sartu ebazan bederatzigarren minuturako, Unai Simonen atera hurreratu zan lehen jokaldi bietan. Beste porrot handi bat ate joka geunkala uste genduanean, taldearen erreakzino itzela etorri zan. Valverderen ekipoak nortasuna erakutsi eban egoera gatxari bueltea emoteko. Williams anaiak min egiten hasi ziran hegal bietatik eta Mikel Vesga eta Iñigo Ruiz de Galarreta nagusi ziran zelai erdian. Vesgak lehen penaltia sartu ebanean danok pentsau genduan posible zala partidu hori irabaztea, baina ez genduan pentsetan talde zuri-gorria beste gol bi sartzeko gauza izango zanik lehen zatia amaitu baino lehen. Azpimarratzekoa da Williams anai biek erakutsitako zorroztasuna. Iñaki maila ona emoten dabil hegaletik eta Nico jokalari berezia da, bertikala, min egiten dakiena. Berari egin eutsoezan penalti biak Betiseko jokalariek eta Osasunaren aurkako partiduan ikusi genduan lez, Williams anaia gaztea jokoan sartzen danean Athleticen erasoko jokoak asko irabazten dau. Ganera, atzoko partiduaren ostean lehenengoz egin eban berba bere etorkizunaren ganean, gauzak bide onetik doazela esan eta zaleei lasaitasuna eskatzeko. Bada zeozer.

Zelai erdiari jagokonez, pentsa lei Valverdek aurkitu deutsola osagarri egokia Mikel Vesgari. Iñigo Ruiz de Galarreta eta biek bikote sendoa osatzen dabe. Txalotzekoa arabarrak erakutsitako lasaitasuna eta eraginkortasuna penalti bietan.

Baina San Mames gotorleku bilakatu gura badogu, Unai Simonen atea zulatzea ezin da hain erreza izan. Real Madridek gol bi sartu ebazan eta beste bi Betisek. Valverdek hutsune garrantzitsuak ditu atzealdean -ganera ez dakigu Yeray noiz egongo dan barriro jokatzeko moduan- eta igarri egiten da. Zuri-gorriena ez da atzealde sendoa eta ur gehiegi sartzen da ontziaren erdialde horretatik. Valverdek beste zentral bat behar dau, eta ezkertia bada hobeto. Non aurkitu da arazoa.

Unai Gomez Etxebarriak ez dau inoiz ahaztuko Betisen aurkako partidua. Bermeotarrak Real Madriden aurka jokatu eban estreinaldiko lehia Athleticen elastikoagaz baina Betisi sartu eutson bere lehen gola. Ez eban gauza handirik egin zelaian egon zan minutuetan baina egon behar zan lekuan egon zan zuri-gorrien laugarren gola sartzeko, eskoiko oinagaz ganera. Hogei urteko mutil honek erreztasuna dauka golak sar-tzeko eta Athleticek golak behar ditu. Eta erdilariek sartutakoak badira, hobeto, azken urteetan bigarren lerroaren ekarpena oso urria izan da-eta. Ernesto Valverdek joka-tzeko aukerak emoten jabilko eta gaztea ondo baliatzen dabil. Urratsak emoten dabil lehen talderako atea hausteko. l