Osasunaren aurka lortutako garaipenak nasaitasuna ekarri dau Athleticera. Real Madriden aurkako partidu negargarriaren ostean bat baino gehiago etorkizun iluna ikusten hasi bazan be, Ernesto Valverderen gizonek irauli egin dabe egoerea zelai gatx baten eta aurkari gogor baten aurka irabazita. Ez dot pentsa be egin gura zelakoa izango zan astea zuri-gorriak esku hutsik itzuli izan balira Iruñea aldetik. Edozelan be, argi eta garbi daukat lehengo jardunaldian galdu ostean gure ekipoa ez zala hain txarra eta orain, Osasunari bere zelaian irabazi ostean, ez garala hain onak. Sadarren ikusitakoak baikor egoteko arrazoiak emoten deuskuzala uste dot.

Iruñean ikusi genduan taldeak ez eban zerikusirik izan lehen jardunaldian Real Madriden aurka ikusi genduanagaz. Itxuraldaketa sakona euki dau zazpi egunen buruan. Hasteko, zuri-gorriak erdi lo ekin eutsoen Real Madriden aurkako partiduari. Sadarren, ostera, ondo konzentratuta aritu ziran lehen minututik. Aldaketa sakona egon da jarrera aldetik. Beste alde batetik, entrenatzaileak aldatu egin eban planteamendua. Real Madriden aurka hegaleko jokalari bakarragaz jokatu eban, Nico Williamasegaz, eta talde zuri-gorriak ez eban minik egin erasoan, besteak beste, Williams gaztea oso makal ibili zalako. Sadarren, ostera, Valverdek eskoiko hegalera eroan eban Williams anaia zaharra, ezkerraldekoa gazteari itxita. Batak zein besteak –Nicok batez be– arrisku garbia sortu eben Osasunaren ate aurrean. Eta hori guztia gitxi balitz, zuri-gorriek eraginkortasun handia erakutsi eben gol aukerak gauzatzeko orduan. Nire uste apalean, Iñaki Williamsen errendimendua hobea da hegalean jokatzen dauenean aurrealdean aritzen danean baino. Nicori jagokonez, jokalari erabakigarria izan behar da aurten Athleticen. Aurrepausu bat emoteko ordua heldu jako. Bestalde, oso albiste ona da Guruzeta golak sartzen hastea.

Vesga-Ruiz de Galarreta bikotearen aldeko apostua berretsi eban Valverdek Sadarren eta euren errendimendua ona izan zan. Barriro dinot Eibarko erdilariak aberastu egiten dauela zuri-gorrien erasoko jokoa. Sancetegaz batera, min handia egin leikie aurkariaren egitura defentsiboan.

Osasunaren aurkako partiduan golik jaso ez arren, zuri-gorriek gura baino gehiago sufridu eben eta Unai Simonen lan bikainak zapuztu ebazan aurkariaren gol aukera garbiak. Igazko atzealde titularra osotzen eben lau gizonak galdu ditu Valverdek. Iñigo Martinezek Athletic laga ostean, Yeray Alvarezek atzealdeko lerroaren ardura nagusia hartu behar ba eban be, jokoz kanpo itxi dau lesino batek eta ez dakigu noiz egongo dan barriro jokatzeko prest. Normaltzat jo behar dogu Valverderen ekipoak Martinez eta Yerayren hutsunea igartea. Ezker hegalean, Imanol Garcia de Albeniz gazteak lehen minutuak jokatu ebazan Athleticen elastikoagaz, maila txukuna emonda ganera.

Eta neure eretxia emongo deutsuet telebista kamarak jokalarien aldagelan sartzearen ganean. Bat nator, erabat ganera, Unai Simonek esandakoagaz. Esparru oso pribatua inbaditzea dala uste dot. Horregaz batera, ez dot begi onez ikusten traineru bateko patroiak mikrofono bat eroatea estropadan edota pelotariaren eta botilleroaren arteko elkarrizketak entzuteko aukera izatea. Ez dot uste ezer onik dakarrenik eta jakin badakit ez dala kirolarien gustoko. Ikuskizunak muga batzuk be euki behar dauz. l