Astegoein oparoa izan da azken hau Bizkaiko traineruentzat. Oparoena denporaldia hasi zanetik. Traineru mailan dagozan bost ligetatik lautan Bizkaiko ekipoak nagusitu ziran. Bermeo-Urdaibaik irabazi eban Eusko Label ligako estropadea Orion, Arkotek denporaldiko lehen garaipena eskuratu eban Pedreñan KAE-1 ligan, Emakumezkoen Traineru Elkarteak antolatzen dauen ligako estropadan Kaiku izan zan garaile barriro be eta KAE-2 ligan Portugalete nagusitu zan lehenengoz denporaldi honetan. Esan beharrik ez dago pozik egoteko albisteak dirala. Lau garaipen horreekaz batera, barri bikaina euki genduan zapatuan Bilboko Nerbioi errekan jokatu zan estropadan. Izan be, hamasei urteko mutil gazte batek estrainekoz zuzendu eban Ondarroako Antiguako Ama trainerua. Xanet Gimenok ederto bete eban bere lana eta lehenengo urratsa emon dau Iñigo Larrinaga patroi beteranoaren lekukoa hartzeko. Horrelako albisteak behar doguz arraun munduan.

Eusko Label ligan, Bermeo-Urdaibai izan da garaipen bi lortu dauzan lehen trainerua, Zierbenan lehenengoa eta zazpi egun beranduago bigarrena Orion, aurreko egunean hirugarren sailkatu ostean Bilboko banderan jokatutako erlojupekoan. Zelan diran gauzak. Iker Zabalak zuzentzen dauen ekipoak daukan indarra ikusita faborito nagusitzat joten genduan Bilboko estropadan, erlojupekoan –alde handirik barik lehia jokatzeko baldintzetan, lehiakideak minututik minutura urtenda– eta ur baretan jokatuta. Bermeotarrak, baina, hirugarren sailkatu ziran. Horrek erakusten deusku indarra baino zeozer gehiago behar dala ur baretan bere. Hurrengo egunean, ostera, Gorka Aranberrik zuzendutako trainerua onena izan olatu artean Orion, brankaz zein popadan.

Zierbenak lan txukuna egin dau asteburuan, garaipenik lortu ez badau be. Dani Perezen mutilak garaipena eskuratzetik hurre egon ziran zapatuko erlojupekoan eta domekan laugarren geratu ziran estropada eremuko kale txarrenetik jardun arren. Galipoek garbi erakutsi dabe bandera eskuratzeko hautagai dirala estropada guztietan.

Lekittarrak sendo segiduten dau denporaldirako ipinitako helburua beteteko bidean. Zazpigarren geratu ziran Bilbon eta seigarren Orion, bosgarren postutik 46 ehunenekora. Bost estropada jokatuta, sailkapen nagusiko zortzigarren postuan dago promozino postutik hamabi puntura.

Santurtzik denporaldiko posturik onena lortu eban domekan Orion, zazpigarrena, eta gero eta hurrago dauka promozino postutik urtetea, Ondarroa puntu bakar batera dauka-eta. Antiguako Ama Soteraren atzetik sailkatu da azken hiru estropadetan eta dinamika arriskutsua daroa. Kaikuk zazpi puntura dauka promozino postua baina ezin da lo geratu. Bizkaitarra ez zan ondo moldatu olatu artean Orioko estropada eremuan. Edozelan be, bost estropada baino ez dira jokatu eta gauza asko jazo daitekez jokatzeko geratzen diran hamabostetan.

KAE-1 ligeari jagokonez, Arkotek apurtu egin dau traineru gipuzkoarrek denporaldi hasieran erakutsitako nagusitasuna eta gero eta hurrago ditu mailaz igoteko play offa jokatzeko postuak, lau puntura hain zuzen be. Atzetik, Deustu eta Busturialdearen arteko lehiak ez dauka etenik eta oraingoz bilbotarrak dira nagusi. KAE-2 ligan Portugalete mailaz igoteko promozinoa jokatzeko postuetan kokatu da etxeko estropadea irabazi eta Astillerori aurrea hartuta.

ETE ligan, Kaikuk oso indartsu segiduten dau. Bizkaitarrak denporaldiko laugarren garaipena eskuratu eban Portugaleten eta dagoenekoz puntu biko aldea kentzen deutso Zumaiari sailkapen nagusian. l