Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Betikolez, ezinean

Ez dago barririk Athleticen. Zuri-gorriek betikolez segiduten dabe, ezinean partidu bat irabazteko. Valverderen gizonak ez dira gauza aurkariak menderatzeko, ezin dabelako golik sartu eta golik sartu ezean ez dago partidurik irabazterik. Valverdek berak domekako partiduaren osteko prentsaurrekoan esan eban legez, Elx taldearen aurkako partidua denporaldian gertatutakoaren laburpen zehatza izan da: Zuri-gorriak nagusi zelaian, gol aukera garbiak sortu baina ezin golik sartu. Ezintasunaren laburpena. Eta zelan diran gauzak futbolean: azken zazpi jardunaldietan partidu bakarra irabazi, bost galdu eta beste bat bardindu arren, lau gol bakarrik sartuta eta hamabi jasota, Athleticek hondino be aukerak ditu datorren denporaldian Europan jokatzeko. Halanda be, eta ikusitakoa ikusita, benetako miraria izango litzateke Athleticek Conference League jokatzeko txartela eskuratzea.

Inoiz baino zale gitxiago egon ziran domekan San Mamesen. Eta egon ziranek txistukada bategaz agurtu eben taldea euren hasarrea adierazteko. Argi eta garbi dago zaleria erabat desilusionatuta dagoala Ernesto Valverderen taldeagaz eta motiboak ditu holan egoteko. Izan be, Athleticek huts egin dau partidu erabakigarri guztietan, Osasunaren aurkako Kopa txapelketako kanporaketako partiduetatik hasita. Europarako txartela oso merke saldu bada be, zuri-gorriak ez dira gauza izan esku artean euki dabezan aukera guztiak baliatzeko.

Zelaian gorputz eta arima ipini arren -horretan ez dago ezelango zalantzarik- zuri-gorriek ezintasun kezkagarria azaldu dabe aurkariaren atea zulatzeko orduan. Behin baino gehiagotan pentsa eta entzun izan dot, talde honek Aritz Aduriz bat euki izan baleu arean baloiak errematatzeko puntu askoz gehiago eukiko ebazala zorroan. Zoritxarrez, ez deutsat konponbide garbirik ikusten taldeak daukan gabezi nagusiari, ez epe laburrera behintzat. Athleticen merkatu mugatuan ez dago ezer fitxatzeko eta Lezamatik ez dator goleatzailerik.

Behin baino gehiagotan entzun behar izan dot bigunegia nazela nire kritiketan. Izakera kontua izango da. Ez dot uste jokalari edo entrenatzaileari azala kentzeak ezer onik dakarrenik. Eta enator bat Ernesto Valverde jasoten dabilen kritika zorrotzekaz. Garbi dago entrenatzailea dala taldearen emaitzen errudun nagusia baina ez dot uste ontzi hau beste patroi batekin urrunago helduko zanik. Kudeaketa arazoa baino gehiago, kalidade arazoa dala esango neuke. Talde honek muga nabarmenak ditu, golak sartzeko orduan batez be. Eta onartu egin behar dogu. Gure semea ez da gelako politena, baina geure semea da. Eta Valverdek gogoratu dauen moduan, Athletic ez da beti ibilten Europarako sailkatzeko borrokan. Urte latzak be bizi izan doguz baina ahaztu egin doguz antza.

Agurren eguna izan zan domekakoa. Badakigu Mikel Balenziagak ez dauela Athleticen jarraituko hurrengo denporaldian baina ez dakigu Iñigo Martinez, Raul Garcia, Oier Zarraga edota Ander Capa, ekainaren 30ean kontratu barik geratuko diran jokalariak, talde zuri-gorrian egongo diran datorren ikasturtean. Nire uste apalean, plantilako jokalaririk baliotsuena galduko leuke Athleticek Iñigo Martinezek alde egiten badau. Ez daukat zalantzarik. Eta Oier Zarragak segiduten ez badau, zeozer txarto egiten dabilz Ibaiganen.

Eta ezin amaitu Amorebieta taldearen balentria itzela nabarmendu barik.