kopa txapelketarik luzeenaren finala jokatuko da zapatuan kopa txapelketak balore berezia dauka Athletic zaleontzat.

Finalak bereziak dira oso. Besteak beste, noizean behin baino ez dalako eukiten titulu bat eskuratzeko aukerea. Athleticeko hainbat jokalari ospetsuk -Iraola, Urrutia, Larrazabal, Julen Guerrero, Joseba Etxeberria, Garitano eta abar luze batek- ez dabe inoiz kopako final bat jokatu. Beraz, benetan daukan garrantzia emon behar deutsegu Marcelinoren taldeak jokatuko dituen final biei. Era berean, ezin dogu ahaztu Gaizka Garitanok eroan ebala Athletic Realaren aurkako finala jokatzera.

Derbi baten aurretik gertatutakoak ez dau ezertarako balio eta are gitxiago lehia hori kopako final baten jokatzen bada. Realak Athleticek baino hamar puntu gehiago daukaz Ligako sailkapenean baina horrek ez dau esan gura txuri-urdinak faborito diranik zapatuko finalean. Beste alde batetik, zuri-gorrien alde esan behar da superkopea irabaztetik datozela, Real Madrid eta Bartzelonari irabazita, eta La Cartujan bertan ganera. Garbi dagoana da, Athleticek aurkari gogorra eukiko dauela, kopako final baten logikoa dan moduan. Edozelan be, Marcelinoren taldeak behin baino gehiagotan erakutsi dau edozein aurkari menderatzeko gauza dala. Horretarako, baina, bere mailarik onena emon behar dau, Superkopan egin eban moduan.

Finala irabazten hasteko, Athleticek ez deutso oparirik egin behar aurkariari, ligako hainbat partidutan egin dauen legez. Realak jokalari trebeak ditu aurrealdean eta ezin jake errezatasunik emon. Hortik aurrera, Athleticek erritmo bizia sartu behar deutso norgehiagokari eta Remiroren atea bilatu baloia oinetan daukanean. Talde ausarta eta bertikala ikusi behar dogu Sevillako La Cartujan. Normalean, finaletan ez da gol askorik ikusten eta erabakigarria izango da gol aukerak baliatzea. Teoria oso erreza da. Zelaian, hainbat faktorek eroan leikie kopea alde batera edo bestera.

Estadioa hutsik dagoala jokatuko da Athletic eta Realaren arteko finala. Urte bete atzeratu arren eta ondorioz, Europarako sailkatzeko aukera zuzena galdu, azkenean zaleen berotasun barik lehiatuko dira talde bietako jokalariak. Egia esateko, futbola ez da futbola hintxak barik. Danok amestu doguz Sevillako kaleak zuri-gorriz jantzita euskal giroa nagusi dala. Zoritxarrez ezinezkoa izango da. Gauzak holan, Athleticeko jokalariek garbi euki eta sentidu behar dabe herri oso bat daukiela atzetik. Kopako finala futbol partidu bat baino askoz gehiago da. Sentimendu dantza bat dago tartean. Merezi dogu poz handi eta sakon bat urte bete luzeko gurutz-bidearen ostean.