Goizeko sei t’erdietan esnatzen da meditazio pixka bat eta pilates-yoga ariketak egiteko. Ondoren, gosari osasuntsua hartzen du: edari detox bat, matcha tea eta ahuakatea ogi xigortuarekin. Bere buruaren bertsio onena bilatzen duen emakumea da eta Tik Token arrakastatsua den #thatgirl traola erabiltzen du bere egunerokoaren bideoak igo- tzeko. That girl da, beste emakume eta neskei “emakume hura” izateko gonbidapena egiten diena. Beti perfekzioaren bila dabilen emakume bat. Perfekzio egarria eragiten duena.

Traola berria izan arren, ez da, egia esateko, gauza berria, izan ere, emakumeei beti exijitu baitzaigu perfekzioaren bila ibiltzea eta, noski, honek beti utzi gaitu erdibidean, zaila-ezinezkoa baita eskatutako edertasun-argaltasun-eta abartasun maila horretara heltzera. Horrela, frustrazioa edo nahikoa ez izatearen sentsazioak gaixotasunera eramaten ditu hainbat neska eta emakume.

Ez da kasualitatea izango nerabeen artean gorantz doan suizidio tasaren artean, neskak izatea gehienak. Edertasun eta perfekzio maila lortzeko ahaleginean porrot egin dutela sentitu eta auren bizitzei zentzua aurkitzen ez diotenak dira haietako asko.

Horregatik ez da harritzekoa hainbat nesken artean presio honen aurreko erreakzioak sortu izana. Adibidez, Feral Girl Summer mugimendua sortu da, sareetan baita ere, perfektua izateko exigentziari aurre egiteko.

Mugimendu honek beste muturrera bultzatzen ditu neskak, euren gorputzen perfekzioari uko egiteaz gain, nahi izanez gero Coca Cola gosaltzeko esaten die, besteak beste. Ez da izango irtenbide osasuntsuena eta agian egokiena, baina euren haserretik jaiotako erreakzio bat da.

Suposatzen dut That girl eta Feral girl izatearen arteko oreka bat izan daitekeela irtenbide egokiena, hau da, obsesiorik gabe eta perfekzio exigentziarik gabe norbere burua pixka bat zaintzea eta, batez ere, zer egin erabakitzeko aske sentitzea. l