URREKOAN, lagun batek esan zidan adierazpen bat gizarteratzeko bertaratze batean parte hartu zuela eta, argazkia atera ostean, hustasunak harrapatu zuela. Hau zen dena? galdetu ziola bere buruari. Bertaratzearen ostean, “lagun” edo “kausak bateratutakoen artean” beste zerbait espero zuen berak: hitz batzuk, batu zituen ekimenaren gaineko iritzi trukaketa, hurrengo ekimen edo urratsak partekatzea... Baina argazkia atera ostean, nor bere bidetik aldentzea egokitu zitzaien, antza.

Argazkirako bizi garela zioen. Eta, argazkiak, sareetan, ordutxo batzuk irauten dituela bakarrik. Zure adierazpenak jasotzen duen gaia izan daitekeela gaurkotasun handiena duena, sakonena, herritarren etorkizunean eragina izango duena, herri izaerari ukitzen diona... berdin diola, zioen erdi haserre: argazki baterako espazioa duzu. Asmatu beharko duzu titular ponpoxo bat eta izango duzu, sarean, ordutxo batzuetako espazioa. Eta ziklo hori bukatuta, bapo, beste kanpaina batera jauzi. Zure adierazpenik burutsuenak ere, beste edozein adierazpen edo titularrekin lehiatuko dira. Maila berean.

Hauek entzun biharamunean ziren Athletic-eko hauteskundeak. Eta Ibaiganeko giltza eskuratu nahi zuten hiru hautagaien berri ematen zuten artikuluek, argazkiek eta titularrek harrapatu zuten nire arreta. Jainkoren batzuk agertuko ziren mundutiarrago.

Hautagaietako batek, Lezamaz galdetu ziotelarik, “gure jatorria, gure bihotza eta gure etorkizuna da” adierazi zuen. Eta bere programaren helburuetako bat Bilbo, Bizkaia eta Euskal Herria markak esportatzea zela. Egun osoa egin zuten hitzok sarean (hiru hautagaien argazkiak aldamenean). Egun horretan jaso ziren beste albiste askotarikoen gainetik. Ahora jaten ematen digutena bazkatzen dugun gizartean bilakatu garela niotson 24 ordu lehenago lagunari. Zenbat eta azalago aritu, hobe. Zenbat eta ikusgarriagoa izan, nahiago. Zenbat eta titular gehiago saldu, bikainago.

Argazki batzuk gehiago irauten dute besteek baino. Baina guztien ostean, hustasuna nagusi.