Zer jazotzen ari da gobernatzen ari direnek halako higadura izateko? Hurbilen dituztenak ez mobilizatzeko, abstentziora jo-tzeko edo beste indar baten alde egiteko? Ez da nahikoa herritarrei begira, bereziki, ahulenei begira neurriak hartzea... neurriak hartzea eta abian jartzea kostatzen bada, liskar artean egiten bada, ondorioak mugatuak badira edota ilusiorik nabaritzen ez bada. Horrez gain, estatuko gobernua ahalbidetu duten indarren arteko erdipurdiko harremanak, bai eta agindutakoa betetzeko orduan erakusten den zikoizkeria ere agerikoak dira... Horrela, nekez egin daiteke aurrera eta, konfiantzarik gabe, are nekezago segi dezake etorkizunean!

Egoera horri gehitu behar zaio zor publikoarekin jazotzen ari dena. Europak izurritea tarteko malgutu ditu zor publikoari buruz indarrean egon diren zenbait irizpide. Eta egoerak partez behartuta, erabaki horrek zor publikoa neurririk gabe haztea ekarri du. Baina egoerak ezin iraun dezake luzaroan, are gehiago hazkundea zor publikoa emendatzeko baino zorra are gehiago hazteko erabiltzen ari direnean. Europa, atzerago edo aurrerago, lehengo irizpideetara bueltatuko da eta Espainiak -eta euren egitura ekonomikoagatik, Italiak eta Greziak-, zorrari aurre egin ahal izateko zailtasunak izango ditu eta, orduan, ez du izango beste aukerarik presio fiskala areagotzea edota doiketak egitea baino. Lehenengoak baliabideak kenduko dizkie familiei eta enpresei eta hazkundean eragingo du. Azkenean, doiketen txanda iritsiko da, areago Europan den gerrak atzerakada ekonomikoa sorrarazten badu, batez ere, hegoaldeko lurraldeetan.

Nago birpentsatu behar direla ongizate estatuaren mugak eta eskubideekin batera betebeharrak ere azpimarratu behar direla, indarrean dauden erabakien eragingarritasuna eta iraunkortasuna buruan izanda. Pauso bat aurrera ematen ari garelako, akaso, hiru atzera egitea ekar dezakeenean. Azken finean, gobernuan daudenek mugitu beharra daukate, bestelako zorroztasuna, aldartea, eragingarritasuna eta leialtasuna erakutsi behar dute mementoko gobernagarritasunetik harago irautea nahi badute.