UELA urte batzuk ezin pentsa zitekeen abortuaren gaineko lege berririk izango zenik. Horixe da egun hauetan agitu dena Espainiako Gobernuaren barruan Abortuaren Lege berriarekin. Orain, 16 urtetik aurrerako emakumeek abortatzeko eskubidea izango dute, beti ere, gurasoen baimenik gabe; hileko mingarria duten emakumeei hiru eguneko baja emango zaie; eta erditu aurretik baimen ordaindua eskatu ahalko da.

Seguruenik ideia atzerakoiak dituzten alderdi ultrakontserbadore horiei laztu egin zaie biloa, eta haserre bizian jarri dira emakumeen eskubideen aldeko urrats handia delako lege berria.

Baina harrigarria gertatu zait, legearen zehaztapenetan jausi eta aztertu barik, eta abortuaren inguruko ika-mika horietan murgildu barik, sasi-politiko guztiak hileko mingarriak dituzten emakumeen balizko gaixoaldiaz mintzatzen ikustea.

Askorentzat traizioa da ia, hileko mingarria izatea eta hiru egunetako lan-baja eskatzea. Badirudi emakume batek hilero mina izatea ezin dela onartu. Noski! orain arte, isilik pairatu behar izan dute hileroko deserosotasun mingarri hori, eta gizartean, eta bereziki gizonontzat ia normalizatua dagoenez, emakumeen defentsan ateratzea ia kontu deliktibotzat hartzen dute batzuek.

Enpresa-gizonak ere sumindu dira, bajak eskatzea lanik ez egitea delako, eta horrek galerak ekarriko dituelako enpresa horretan. Baina, zergatik bestelako gaixotasunetan bajak inolako zailtasunik gabe eman daitezke, eta horretan ez? Zer egiten dugu gripeak eta gastroenteritis batek jotzen gaituenean? Betiko legez, gizonezkoen ikuspegitik egin eta burutzen dira politika sozial guztiak, eta emakumea, beste askotan bezala, ez da inoiz kontuan hartu.

Argi dago enpresaburu askorentzat emakumeak kontratatzea kontu labaingarria dela, eta izango dela. Lanpostuetarako askotan ea seme-alabarik eduki nahi ote duten galdetzen diete emakumeei, eta kontuan hartzen da erantzuna baiezkoa edota ezezkoa bada. Orain galdera hauxe izango da: hileko mingarriak dituzu?

Diskriminazioak behin eta berriz gertatuko dira, orain arte bezala. l