Putinek behin eta berriz aditzera eman du, besteak beste, Ukrainak, estatu legez, ez zuela inoiz existitu behar... eta tarte batean berezko izaera izan bazuen, Sobietar Batasunari esker izan zela. Horiek horrela, Sobietar Batasuna desagertu zelarik, Bielorrusia eta Ukraina Errusiaren parte bilakatu behar zuten, bazter geratu beharrean... Horixe da eraso bidegabe honen azpian dagoena, lehengo Errusiak behinola mendean izan zituen lurraldeak berreskuratu nahi dituela. Ildo horretan uler daitezke Errusiak sasoi bateko Sobietar Batasunaren parte izaniko lurralde batzuekin eraiki dituen loturak eta sorrarazi dituen morrontzak.

Ehunka mila lagunek etxeak utzi eta ondoko lurraldeetara ihes egin behar izan dutenean, herriak eta hiriak bonbardatzen ari direnean, batek daki zenbat hildako eta zauritu eragiten ari direnean, Errusian esku-hartze militarraren kontra azaldu diren milaka pertsona atxilo hartzen ari direnean eta abar, Errusiaren erantzukizuna lausotzeko, eta bidenabar, NATO/OTAN erakundeari errua egozteko batzuen jarrera amorragarria iruditzen zait. Betikoa! Batzuek, iraganean eta orain, lumak zorrozten dituzte mendebaldeaz, are gehiago AEBz, ari direnean, eta beste aldera begiratzen, Errusia, Txina eta enparauen izugarrikeriak tarteko direnean... Halako kontuak mendebaldean bizi den norbaiten erosotasunetik esan ohi dira, eta beharbada, halakoek ahalegina egin beharko lukete Errusian, Ipar Korean, Txinan, Iranen edo halako lurralderen batean bizitzeko eta erregimen horien onurak hur-hurretik ezagutzeko.

Europa, iraganean eta orain, zabuka ibili da. Iraganean, gerra saihestu nahian, amore eman zuen nazien aurrean, harik eta lurralde osoak mendean har-tzeko eta gizatalde osoak suntsi-tzeko batzuen gosea aseezina zela ohartu arte. Berandu iritsi zen ondorio horretara! Orain, berriz, askotariko interesak gurutzatu dira, ekonomikoak zein bestelakoak... Kontua da, denaren gainetik, Europako herrialdeek iraganetik ikasi duten eta, egoera larrian dagoen herrialde bati, sostengua emateko prest dauden, sakrifizioak sakrifizio, hori delako justua dena, lurralde aske eta demokratiko ororen abiaburua dena.