PP alderdiaren norgehiagoka horretan, atzeko planoan geratu dira senide bati eginiko kontratu-esleipenak... normaltzat hartuz beste ezein tokitan ondorioak izango lituzketenak. Berriro ere agerian geratu denez, Espainia diferentea da! Kontuak kontu, popularren buruzagi gorenak Ayuso ahuldu, ezabatu nahi zuela... eta ahalegin hori bueltan etorri zaiola, gainbehera datorrena Casado eta bere taldea baita. Edozein modutara, azpian dagoena eskuinaren eta eskuin muturraren arteko lotura da, elkarren beharra baitute zenbait erkidego eta Espainia gobernatzera iritsi nahi badute. Izan ere, gertaera hori gero eta hurbilago antzeman daiteke, une honetan gobernatzen ari direnak ahultzen ari baitira, indartu beharrean. Azken kontu horrek ere eragina izan dezake gurean, EH Bildu indartu baitaiteke, besteak beste, boto berriaren eta alderdi batzuen higadura tarteko direla.

Nago azken egunotan jazo denaren irabazle Ayuso bilakatu dela, bereziki, berak islatzen duen diskurtso eta gobernatzeko era... eta hori izan daitekeela eskuina berrosatzeko zimentarria, horrek dakarren guztiarekin gizarte honen aurrerabideari begira.

Inguruabar horretan, gobernatzen ari direnek gogoeta egin behar dute orain arte gobernatzeko erabili duten moduaz, egindakoaren eta eginkizun dutenaren gainean. Orain artekoak ez dirudi aparteko ilusiorik eragiten duenik, ez eta susperraldirik dakarkienik ere. Mezu kontraesankorrak barreia-tzea, aldaroka ibiltzeak, auzi garrantzitsuetan kateatzeak, kudeatzeko ezintasunak eta abar luzeak ez die mesederik egiten. Herritarrek are gehiago itxaroten dute gobernatzen dutenen aldetik, ustez gobernatzera iritsiz gero, eskuinak egin ditzakeen gehiegikeriak etengabe hizpide erabili beharrean. Beraz, komeni da eginkizun dagoenari erreparatzea eta, eragingarritasunez gauzatzeko, ahaleginak biderkatzea, bidenabar, apaltasunez hankak lurrean jarriz eta herritarrengana hurreratzen saiatuz.