XX. mendean, bi mundu gerra izan ziren, eta hainbat gatazka eta liskar tokian-tokian. Nolanahi ere, aldi horretako gerrarik luzeena Gerra Hotza izan zen, intentsitatez apalagoa, baina mundua potentzia nagusien eragin-eremuen arabera banandu zuena eta potentzia nagusiek pilatutako armategi nuklearra ustezko orekaren zimentarri bilakatu zuena. Era berean, ez da ahaztu behar historian zehar Ukrainaren eta Errusiaren artean jazotakoak, tartean, XX. mendean bertan, Moskuko agintariek eragindako gosetea (holodomor edo ukrainarren genozidioa), milioika ukraniar hilarazi zituena, errusiarren pisua areagotzeko helburuz, ukrainar herritarren lekualdatzeak behartu edota eremu zabalak mendean izateko Errusiak izan duen jarreraren ondorioz. Izan ere, Errusiak historikoki inperioa hezurmamitu nahi izan du, sasoi bateko beste inperio batzuen antzerakoa.

Bistan denez, Errusiak Sobietar Batasunak galdutako handitasuna berreskuratzeko eginahaletan dabil... Eta handitasun hori iltzatzeko asmoz, inguruko herrialdeekiko hartu-emanetan darabilen estrategia mehatxua da. Gainera, halako aliantza moduko bat gorpuztu du Txinako Herri Errepublikarekin eta Irango Islamiar Errepublikarekin, lurralde horiei eskuak libre lagatzen diena nahi duten estrategia garatzeko, bakoitzaren eragin- eremuan. Errusiak etengabe erakutsi duen jarrera horrek bultzatu du hainbat nazio mendebaldearekin bat egitera, besteak beste, nazio horiek txikiak edota ahulak izanik, beste modurik ez dutelako izan baldin haien independentziari eta Errusiaren esku-hartzeari aurre egiteko.

Ukraina estrategikoa da, Iranen bitartez, ekoitzitako petrolio gehien igaro-tzen den eremua mendean izatea bezain estrategikoa. Horrek, mendebaldea, bereziki erregaietan mehe dabilen Europa are gehiago ahultzen eta neutralizatzen du, Errusiaren pisua eta garrantzia handituz, aurkari ekonomiko eta militarra duen AEBekiko. Ondorioz, ikuskizun dago Errusiak helburuak lortuko dituen, besteak beste, Krimea inbaditu zuenean lortu zuen bezala... edota Donbass eskualdea, Ukrainatik banatzeko eta Errusiara txertatzeko noranzkoan urratsak egiten ari den bezala!