Humanitate digitalak eta aukera berriak

22.06.2021 | 01:16
Humanitate digitalak eta aukera berriak

HUMANITATE Digitalak: aukera berriak ikertzen'. Izenburu horixe du UPV/EHUren eta UEUren arteko lankidetzan sorturiko Goimailako Online Institutuak (GOIk) eskainiko duen aditu-titulu berriak.

Izan zitekeen azkenaldian leku guztietan ikusten dugun modako bikotearen (humanitateak + digitalitatea) azken agerraldia, baina, artikulu honen egileok, titulu berriko batzorde akademikoko kide garen heinean, pentsatu dugu labur bada ere merezi duela izenari eta izanari tarte batez erreparatzea.

Giza errealitatearen digitalizazio hazkor eta sarkorrak paradigma aldaketak ekarri ditu gizarteko esparru gehienetara. Konputazio-gaitasuna hazi ahala, posible egin da datu gehiago (eta askotariko izaerakoak) gordetzea, lantzea eta elkarrekin lotzea. Inprenta mekanikoaren garaiak testu idatziaren erabilera –eta, hortaz, izaera bera– aldatu zituen bezala, teknologia digitalek giza sorkuntzaren eta ezagutzaren, kulturaren eta gizartearen esanahia bera ere dardararazi dute sakon-sakonean.

Baina afera ez da, noski, determinismo teknologiko hutsa. Inprentaren asmakuntzak ez zuen bere horretan ekarri egun eleberria deitzen diogun lan literarioaren forma, eta, era berean, adibidez, hizkuntza prozesatzeko tresnen sorrerak eta garapenak ere ez dakar aldatu ezinezko paturik euskararentzat.

Teknologiaren garapena ezin da teknologiaren erabileretatik bereizi, eta, zorionez edo zoritxarrez, etorkizuna oraindik idazteko daukagu.

Badakigu, ordea, digitalizazioak aukera eta arazo berriak mahaigaineratu dizkigula dagoeneko, eta beharbada are garrantzitsuagoa den zerbait: oraindik badaudela mahai azpian dauden eta berandu baino lehen argitara ekartzea komeni den zenbait auzi funtsezko.

Hizkuntza eta itzulpena, ahozko eta ida-tzizko literatura, filosofia, historia, arkeologia eta ondarea (materiala zein inmateriala), antropologia, erlijioa, artea, kazetaritza, hezkuntza, folklorea, memoria...

Kultura eta gizarte deritzegun giza errealitate horien muineko esparruak sakon eraldatzeko aukerak irekitzen dizkigute ekosistema digital berriek. Diziplina askotatiko hurbilpenak beharko ditugu garai berriak asmatzeko, oraindik asma-tzeko baitaude. Eta diziplinarteko lan moldeak ere beharko ditugu, ikuspegi zabal, berri eta malguak ahalbidetuko dituztenak eta proiektu berritzaileak abiaraziko dituztenak.

Izan ere, testuingurua interesgarriegia da ikuspegi bakarretik ekiteko eta proiektu zaharrak lehengo bideetatik plantea-tzeko. Arazo eta aukera berriei ekiteko unerik onenean gaude, eta aditu-titulu hau parada ederra izan daiteke irakasle eta ikaskideekin batera proposamen berriei heltzeko.

Parte-hartzaileek hiru gai nagusi landuko dituzte diziplinarteko irakasle-talde baten kargura: HDak eta paradigma-aldaketa, HDen eta zenbait diziplinaren arteko lotura, eta HDen alorrean lan egiteko oinarri teknologikoak. Eta, tituluari amaiera emateko, 4 ECTSko (100 lan-orduko) proiektu bana aurkeztuko dute, ahal dela proiektuarekin lotura duten enpresa, kooperatiba, elkarte eta egitasmoekin harremanean.

Erronka berriak dakartza aro garaikideak. Erantzun zaharrek eta galdera zaharrek ez digute balio dagoeneko. Proposamen berriak, begirada diferenteak beharko ditugu, arazoei aurre egingo badiegu eta aukerei etekina aterako badiegu. Aukera berriak ez da soilik ikasleak erakartzeko aukeratutako abizen ustez erakargarri bat. Une honetan, gure baldintza saihestezina da.

Testu honen sinatzaileok desiatzen gaude lehen urteak zer emango duen ikusteko.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia