Erredakzio-mahaia

Txoria daukagu

02.04.2021 | 00:59
Txoria daukagu

euskaraz ari naiz hemen, ohi ez bezala, gauza ba-tzuk barrutik errazago irteten direlako pentsatuak diren hizkuntzan, eta hobeto ulertuko duelako buruan duzun irakurle horrek. Txori bat daukagu, bai, eta ez genizkion hegoak ebaki behar izan gurekin gera zedin. San Mamesen Txoria txori kanta entzuten da maiz (beno, aspaldi honetan ez, baina hori beste kontu bat da). Ez da, alajaina!, futbol zelai batean abesteko aukera daitekeen kanturik alaiena; ez, agian, tonuz, bai ordea esanahiaz. Alaitzeko modukoa baita jakitea txori horrek miresmena sortzen duela mundu osoan (ez bakarrik Bilboko Mapamundian). Futbol talde gutxiri buruz idazten dituzte erreportaje luzeak The New York Times bezalako egunkariek, adibidez. Liga bat irabaz daiteke, Kopako final bat ere... baina horrek ez dizu ezberdin egiten. Espainiako Ligan, hogeita bi talde daude. Horietako edozeinek gera daiteke txapeldun aurten edo datorren urtean. Inork ez die kasu handirik egingo beren etxetik kanpo. Bati izan ezik. Ezberdin egiten zaituena bat eta bakarra izatea da. Norbaitek esan dezake benda zauria egin baino lehen ipinten ari naizela. Agian bai. Baliteke bihar Athletic Clubek finala galtzea, baina gertatzen dena gertatzen dela, galdu ezin izango duena bere izaera da. "Behintzat, hori ez da bihar gertatuko", galiar menderaezinen herrixkako buruzagiak esaten zuen legez. Beraz, bihar irabazi ala galdu, harro sentitzeko beste egun bat gehiago izango da. Txoria nahi genuen, txoria daukagu.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia