Erredakzio-Mahaia

Erresistentziak

06.12.2020 | 01:19
Erresistentziak

Maradonaren gorpua hoztu baino lehen ez nuke bere heriotzaren harira zerbait esateko aukera galdu nahiko. Debate sutsua piztu da bizimodu arbuiagarria eraman zuen futbolistak zelaian egindako jokaldi gogoangarriengatik jasotako laudoriak direla eta. Badago zer hausnartu mitifikazioa ahalbidetzen duten mekanismoen inguruan, batez ere belaunaldi gazteei helarazten zaien mezuagatik: kirolean trebea baldin bazara, berdin du emakumeak jipoi-tzen badituzu, heroi bat izan zaitezke. Horren inguruan baino, Izaro abeslariak Gaztea Sarietan emandako diskurtsoak eragindako erremina nabarmendu nahiko nuke. Mallabiarrak behatzaz seinalatzen zituen argentinarra zuritzeko ahalegina egin zutenak, hain zuzen ere emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean. Gehienek bere adorea txalotu zuten arren, azpimarragarria da kritikak alde batetik zein bestetik heldu izana. "Herri honen zapalkun-tzari buruz sekula ez du deus erran euskal abeslari honek", esaten zuen sareetan batek, akaso beganoei animalien defentsaz gain beste arlo batzuen inguruko jarrera aldarrikatzailea exijitzen dienak. Beste batek bere arrazoibide mundiala euskaraz aurkezteagatik muzin egiten zion, era horretan bere mezua Araban hasi eta Bizkaian bukatzen omen delako. Eta oportunismoaz eta demagogia merkeaz baliatzea ere lepora-tzen zioten, feminismoaren aldarrien kontrako erresistentziak kolore ideologikorik ez duela frogatuz beste behin ere.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia