Aurreko urteetan bezala, Durangok TontoLapiko Egunaren edizio berri bat jasoko du apirilaren 3an. Landako gunea eta Platerunea izango dira antolatutako jarduera guztien egoitza nagusiak.

Ekitaldia gaur aurkeztu dute San Agustin kulturgunean Paule Sanchez Kultura zinegotziak eta Gorka Ganso eta Cecilia Paganini, Ganso & Cia konpainiako kideek. 4 emanaldi-gune izango dira, inguru berean banatuta, eta 5 konpainiak 10 emanaldi eskainiko dituzte egun osoan zehar. Bertaratzen direnek, helduek zein gazteek, Durango clown eta umorearen erreferente bihurtuko duten ikuskizun eta animazioez gozatu ahal izango dute.

Ikuskizunak

Jardunaldia CIE Benoît Charpe konpainiaren ikuskizunarekin hasiko da eta “Les Zèles D’Obus” obra aurkeztuko du. Emanaldia 12:00etan eskainiko da eta 19:30ean errepikatuko da. Ikuskizun honetan, Obus pertsonaiak, Benoît Charpek antzeztutako arloteak, mundu poetiko eta ilargi batera eramango ditu bertaratzen diren pertsonak, non umorea eta monozikloan duen trebetasunak publikoa gozaraziko duten.

Ondoren, 13:15ean, Las Polis konpainiaren txanda izango da “Las Polis” ikuskizunarekin. Ikuskizun honetan, Fanny Giraudek eta Marta Sitjàk plazan ordena mantentzeaz arduratzen diren bi pertsona antzezten dituzte; hala ere, dena kontrolik gabe dagoela dirudi, dena kontrolpean dagoela erakusten saiatzen diren bitartean… edo ia.

Hurrengo ikuskizuna José Luis Redondoren “Arriba” izango da eta 17:00etanizango da ikusgai. Umore fresko eta probokatzailez beteriko emanaldi honek zirkuko elementuak eta umore fisikoa uztartzen ditu, publikoarekin lotura berezia sortzeko asmoz.

18:15ean, Cía Jimena Cavallettiren “B.O.B.A.S (Banda Orquestal Benéfica de Actos Sepulcrales)” ikuskizuna eskainiko da. Proposamen honetan, musika banda apal batek ehorzketa zeremoniak antolatzen ditu, baina hildakoa iristen ez denean, itxaronaldia esperientzia deseroso eta zorigaiztoko bihurtzen da, une komikoz betea. Ikuskizun hau, jatorriz 2025erako programatua, aurten itzuliko da eguraldi txarragatik bertan behera geratu ondoren. “B.O.B.A.S” ikuskizunak, gainera, hainbat sari jaso ditu besteak beste, Mostra d’Igualada 2024ko Publikoaren Saria, Arca 2023ko Publikoaren Saria, Fetén 2024ko Kale Ikuskizun Onenaren Saria eta Umore Azoka 2023ko Nazioarteko Ikuskizun Onenaren Saria.

TontoLapiko Egunaren programazioaren aurkezpena. D. U.

Beste jarduera batzuk

Karrikaren proposamena, “Parkingdarrak II” ikuskizunarekin, eguneko beste erakargarri handietako bat izango da. Ikuskizun honek 5 emanaldi izango ditu: 12:00etan, 14:00etan, 16:30ean, 18:00etan eta 19:00etan. Beraz, bertaratzen direnek adi egon beharko dute proposamen dibertigarri hau ez galtzeko.

Era berean, egun osoan zehar, Badut Teatroa arduratuko da dibertsioa kaleetara eramateaz, umorez eta sorpresaz betetako kale-animazioaren bidez jai giro atsegina sortuz.

Ikuskizunez gain, ekitaldi osoan zehar Food Truckak egongo dira, janari eta edari eskaintza zabalarekin, emanaldi batetik bestera gozatzeko.

Paule Sanchez Kultura zinegotziak TontoLapiko Egunaren aniztasuna eta dinamismoa azpimarratu ditu, bosgarren edizio honetan Durangon erreferente kultural gisa sendotu baita. “Jaialdi hau gure udalerriaren aberastasun kulturalaren erakusgarri da, eta ikuskizun-programazio askotarikoa eskaintzeaz gain, hainbat gunetan ere zabaltzen da, hala nola Landako gunean, Platerunean eta kalean bertan, txoko bakoitzean giro berezia sortuz”, adierazi du Sanchezek. “Clownetik eta umore fisikotik hasi eta zirkuko zein zuzeneko musikako emanaldietara arteko eskaintzak Durango aberasten duten generoen aniztasuna erakusten du. Ekitaldia publiko guztientzat da, haurretatik helduetara, eta guztiontzako barrez, artez eta kulturaz betetako eguna bermatzen du. Gainera, Aste Santuko garaian ospatzen denez, Durango bizitzeko eta gozatzeko beste erakargarri bat da”.