Zirrikituetatik begira

Abiadura

24.09.2020 | 02:37
Juanra Madariaga.

LASAIAGO ibiliko gara. Agian lasaiegi. Eta ondo dago baina€ Mundu bazterretan, hiri askotan, trafikoa arautzeko eta kotxearen erabilpena gutxitzeko kanpaina ederrak eta bideragarriak egiten dira. Ikusgarriak dira Europako hirietako argazki zaharrak, dena asfalto, auto, industria, eta (entzuten ez bada ere) zarata. Hiri horietako zati urbanoak kaletarron aisialdirako eremu bilakatu dituzte, parkeak eraikiz, berdegune zabalak eskainiz, kirola modu atseginean egiteko alderdiak osatuz. Ekologia eta jasangarritasunaren arloen aldeko ekimenak izaten dira horiek guztiak, habitatzen dugun mundua ere jagon behar baitugu.

Bilbo ez da atzean gelditu, eta trafikoa baretzeko, gidatzeko ohiturak aldatzeko, eta ingurumenaren gaineko presioa gutxitzeko xedez, abiadura muga berria ezarri du hirian. Baina jarritako arautegi hori gehiegikeriatzat hartu dute erabiltzaile askok. Kontua da, Bizkaiko hiriburua 300.000 biztanle baino gehiago dituen lehen hiria izango da munduan (eta errepikatuko dut: munduan) trafikorako abiadura hiri osoan 30 kilometro orduko mugatuko duena. Hortaz, kontu horretan lehenak izango gara bilbotarrak munduan, hiri adeitsuago, erosoago, atseginago eta osasungarriagoren alde. Eta deigarria iruditzen zait hiri mugikortasuna hobetzeko eta ekologiari begira tai gabe lan egiten duten Europako modernitatez beteriko hiriek kontrol hori aplikatu ez izana. Bai, deigarria iruditzen zait munduko lehenak izatea. Zergatik ez da abiadura muga hori Berlinen, Parisen, Oslon, edota Reykjaviken ezarri? Iparraldeko herrialdeak dira batzuetan horrelako iniziatibak bultzatzen dituztenak, baina oraingo honetan Bilbo izango da lehena. Ez dakit, baina benetan, oso nabaria iruditzen zait. Nabarmenkeriaz egin da, akaso? Erraza da esatea abiadura hori mantendu behar dela, baina erabili duzue? Adituek Bilbo hiri seguruagoa izango dela esaten dutenean arrazoia eman behako zaie, korrikan edo bizikletan arinago joango baikara.

Egokia da arautegi berriak ezartzea garai berriei heltzeko, baina batzuetan harrigarri xamarrak dira.

Blogs de Deia
Foros Deia