OGOAN dut kantagintzan hasi berritan, noiz, non eta nola ezagutu nuen askok eta askok euskal Sokrates deitzen diogun Bittor Kapanaga. 1974 zen, Otxandioko Santa Maña jaien hasieran. Kantatu nuen plaza hartatik gertu, gerra zibila hasi zen egun berean, jaietan baita, 1936ko Uztailaren 18an Otxandion, zerutik zetozen bonbapean 62 heriotz izan ziren. Bittorrek 11 urte zeuzkan eta bonba haiek bere adineko hainbat haur erail zuten; "Haurtzaroko oroimenek markatu egiten gaituzte eta zuhaitza hasiz hasi doan heinean, geuk ez genuke ahaztu behar erroetan duela indarra eta ahalmena" hauxe esaten zidan Bittorrek. Beti ere, geroa geure esku dagoenaren zentzuan.

Bizirik egotea zen saririk handiena eta bizia aurrera onik eramatea premiarik handiena. Dena aldatu zen egun horretan, bizitza eraldatu zen berarentzat eta hurkoentzat. Baina geroari heldu eta eutsi beharrean zeuden nahitaez. Geroari eutsi beharra bidean gogoz ekiteko eta ez jausteko. Oraingo honetan ere, geroa beti izango dugu zelatari eta lagun. Eta ondoriorik latzenean ere, sufrikariorik gogorrenean ere, geroa geure eskutan dugu. Itxaropen-tsu izatea derrigorrezko bihurtuko zaigu, hala da, itxaropena, penak motxilan hartu eta geroari itxaropenez eta ekimenez jarraiki itxarotea dagokigu.

Eta sufrikarioak dakarren trauma guztien gainetik, esan baita ez dagoela beldurra baino arerio handiagorik, beldurraren beldurrez itota bizi garen une honetan, bizi-tzari beldurra kenduz, bizitzea dugu garrantzizko, gogoan dut Bittorrek ziostana: "Pentsatzera, gogoetak egitera eta neure barruan sartuta hausnartzera ekarri ninduen gerrak, neugan egoteak baliorik handiena zuela ikasi nuen. Halabeharrez ikasi ere. Eta garai zail haietan hazten hazten joan nintzan€ eta kontuan hartu nuen, gurea zaila bazan ere, hainbat eta hainbat zeudela gu bezain oker edota okerrago. Baina egoera trakets haretan, ikasi ere egin nuen bizi ezin izan nuen bizitza amesten. Irakurtzeari eman nion. Mundua ulertzeko ahaleginetan nenbilen eta ea bizitzeko zenbat ondorio atera ditzakedan. Oztopo guztien gainetik, bizitzen ikasi behar nuen".

Eta egun, gizakiok diruaren eta kapitalaren esanetara eta kontsumoaren behar izanetara bideratuak eta makurtuak gauden honetan. Bittor, aldiz, urritasunean bizi zen garaikoa izanik, ez zen kontsumo gizartean bizi, ez zuen honen beharrik, eta bazekien kontsumitzeak unean-uneko asebetzen zaituela baina gure bat-bateko nahia berehala lurruntzen duela. Honetaz, aberatsak zoriotsuagoak ote diren galdetzen dugunean, erantzuna ez da beti ere baiezkoa izaten, zeren, aberastasunak desirak ere handitzen ditu eta, era berean, handikeriak eta frustrazioak ere. Aberastasun ekonomikoa zoriontasunarekin pareka-tzen den mundu honetan, norberengan, giza harremanetan eta bizitzari eman beharko diogun zentzuan legokeela pentsatzeko tenorea ez ote zaigu heldu ba.

Bittorrekin, atzera begiratzea eta historia arakatzea, irakaskuntza zen eta geroa, izan daitekeen misterioa dugunez, unean unean bizitzea, horixe irakaspenik onena. Ez du merezi azterketarik gabeko bizitza aurrera eramateak zioen Socratesek, euskal Sokratesek ere hantzeko adierazpenak botatzen zizkigun.

Orain, bizi dugun honetan, izango da etxeetan gaixo direnak, bidean geratuko direnak ere, izango dira han-hor-hemen zailtasun ugari eta egoera larri eta tamalgarriak dituztenak, premia gogorrean aurki daitezkeenak, eta gerora begira, askoren ardura bizi kalitatea gal dezakegula?, baliteke hala izatea, eta? Geroa susta-tzeko, ezinbestean, gogoeta egitea dagokigu, historia errepasatzea, aurrekoengandik ikastea eta atzokoen irakaskuntzak aintzat hartzea. Gauzak joan etorrian dabiltza. Krisialdi eta gizatasun galbidetasun honetatik atera ahal izateko gure aurrekoen, bizi izandakoen irakaspenek balio izango digute, seguru.

Egun, elkartasunaren premiaz ari gara hi-tzegiten guztiok, denok bateratsu joan eta atera beharko genukeen horretaz, hala balitz!, eta behar dut pentsatu hala izan beharko litzakeela, sinistu nahi dut baina ez nago hain ziur, zeren, esaerak dion bezalaxe, gizakia omen gara harri berean bi aldiz estropezu egiten dugun animalia bakarra. Beraz, argi da gizakiok norberekeria damaigula uneoro eta gizatasuna ez dugula sarriegitan erakusten. Jakin badakigu lukurreriak ez duela bestearen beharrizana ulertzen eta badirela eskuzabaltasunaren esanahia sekulan ulertu gura izango ez dutenak ere.

Eta, bizitzaren zentzuaren bilakeran bakoitzak jakin beharko dugu zein hariari heldu, baina beti ere, gauzak, gizakion portaerak eta gizakiok sortzen ditugun politikak bereizten jakiteak on egingo digula kontuan hartuz, zeren, noren esku gauden, jokaerak ere desberdinak dira eta gizakion artean ere, bada jendea lagun artekoa eta esku zabalekoa denik, baina baita inoren mesedetan ezer egingo ez duenik.

Hala ere, konfidantza eta motibazioa jar-tzea erreza ez den une honetan, esperan-tzari gabeko bizitzak ez luke sentzurik; eta oraingo hau betiko izango ez delakoan, Andrés Malraux idazleak bere Giza baldintza izeneko liburuaren orrialdetan, honako hau dio: "luzarorako izango ote da? Ez dakit, baina arrazoi gutxien dagoen une hauetan konfiantza haundiagoa izan behar dugu".

Datorrenari eutsi beharko diogu beraz, eta zailtasunean bizitzen ikasi beharko dugu. Gogoan dut Bittorrek eta biok bizitzak ekarri ligukeenaz mintzatu ginela bere bizitzako azken unetan, eta Bittorri dedikatu nion kantuak dion bezalaxe: "Bizitzen ikastea bidean ezagutza hartzea da, bizitzen ikastea ezbeharrak gainditzea da, bizitzen ikastea nork bere bidea aurkitzea da, bizitzen ikastea sentituz sentiaraztea da, bizitzen ikastea egunoro arriskatzea da, bizitzen ikastea erabakiak hartzea da, bizitzen ikastea umiltasunez jokatzea eta beldurrak uxatzea da, bizitzen ikastea bizitzen eta hiltzen jakitea da".

* Musikaria