Estrategia berriak
espainiako gorteen eraketari begira geundela, Madril ez da albiste bilakatu euskal herritar bat, Patxi Lopez sozialista eta lehendakari ohia, Kongresuko presidente izango delako edo beste hamarnaka diputatu, lehoiak zaindari dituen etxean, Euskal Herriko gizon eta emakumeek emandako botoen bidez igorritako agindua betetzen saiatuko direlako bakarrik.
Espainiako hiriburura begira, hango Auzitegi Nazionalean erdietsitako akordioa izan da albiste Kongresuko bozketak hasterako. 04/08 sumarioa, ezker abertzaleko 35 kideren aurkakoa, abenduan hasi zen, Seguran 2007an eginiko polizia operaziotik zortzi urtera. Atzo fiskalak eskatutako lekukoekin aurrera egitekoa zen baina bi aldeek akordioa lortu, zigor murriztuak adostu eta inor kartzelara joan gabe amaitu dute. Auzipetuek onartu dute, legeriaren aurka jardun zutela, gainera konpromisoa erakutsi dute “indarkeriazko jarduera ororen” aurka, eta esan dute nahi dutela aitortza horrek biktimen minaren erreparaziorako balio izatea.
Inor ez da kartzelara joango: fiskaltza ez ezik, AVT eta Dignidad y Justicia ere ados agertu dira. Halako zerbait da justizia transizionala. Madrilen ikusi dugu, behin eta berriz salbuespenezko izan den auzitegi nazionalean, Espainiako Gorteetara begira jarriak geundela.
Baina non egosi, non erabaki da estrategia berria? Hau guztia gertatu baino ordu gutxi lehenago, bezperan, Rufi Etxeberriak Iruñean Sorturen proposamena kaleratu zuenean, gatazkaren konponbidean aurrera urratsik ez eta fitxa mugitu beharra zegoela esatearekin, estrategia berri baten aroa aurkeztu zuen. Salbuespeneko legedia, legedi arruntera ekarri beharra zegoela eta alor juridikoan ekimena euskal presoek hartu beharraz mintzatu zen. Ausardiaz jokatzeko garaia zela esan zuen, “damuaren eta salaketaren marrak alboratuz”.
Askoren ustez berandu dator, antzekoa egin zutenekiko gaitzespenak zauriak sortu ondoren.
Urrats berriak dira. Eman daitezke gehiago, posible delako. Madrilera begira geundela Euskal Herrian erabakitakoak.