Uxue, lehendakari
UZTAILAREN 20an aukeratuko du Nafarroako Parlamentuak Uxue Barkos lehendakari eta, okerrik ez bada, inoiz ikusi gabeko gobernu batek hartuko du erreinu zaharraren gidaritza. Demokrazia berreskuratu genuenetik Nafarroan gauzak egiteko modu zatikatzaileak nagusitu dira: batetik, UPN eta PSNren erregimen zaharra; eta bestetik, ETAren indarkeria eta abertzaletasunaren mehatxua. Orain aldiz, kanpoko presiorik gabe, foru komunitatea beste era batera eraikitzeko aukera dator gehiengo berri baten eskutik, eta Uxue du buruzagi. Ez du lan erraza izango. Babesa emango dioten alderdiak bereziak dira, Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra, berez, ez baitira alderdiak, alderdien koalizioak baizik, eta horrek korapilo bat gehiago eransten dio soka nafarrari. Eta zer esan Podemosi buruz? Auskalo! Gainera pentsa liteke aurka izango dituen UPNk, prentsak eta aginte faktikoek ere ez diotela abantailarik txikiena emango. Eta lanak handiak dira, benetan Nafarroan gizarte kohesionatu eta elkartua eraiki nahi bada. Euskal herrietako politikagin-tzan ezagutu dugun gertakizunik interesgarrienetako baten aurrean gaude, eta zailtasun guztien erdian, itxaropenez inguraturik, nafar guztien lehendakari izango den emakumearen irudia ageri zaigu. Aurkezle bezala ezagutu genuen ETBn, zuzen eta indartsu; Parlamentuan ikusi dugu ondoren, demokraziaren eta Nafarroaren defentsan, libre eta konprometitua. Gaixotasunaren aurkako borrokan ere nabarmendu zaigu, kuraiez eta bizi-pozez beterik. Orain gizarte baten buru ikusiko dugu. Aldaketak Uxueren dohainak behar ditu.