KULTURARI dagokion BEZA %21era igo dela eta Espainian ardura osoan daude. Baina gurean, sinesgaitz egiten bazaigu ere, ez du garrantzirik, zeren, dindilizkan aurkitzen den euskal kulturaren eta batipat galeran ari den euskal kantagintzaren presentzia, aspaldidanik dago maldan behera.

Sorkuntza handia dago zorionez gurean, baina gurea ez da kontsumitzen, beraz, ez da entzuten. Guk ez diogu neuronak inori betetzen, ez dugu ia bihotzik liluratzen. Gu, apenas gara existitzen gurean. Erdal mentalitatez josita gaude eta euskal postmodernitate honetan gure musikak ez du hunkitzen ez txunditzen. Geure herrian arrotz edo getto antzerako baten gaude. Minimun minimorun gara. Azken baten, artista prekariedadean bizitzearena ez da gaurkoa. Eta izpirituak, jakina, ez du elikatu beharrik.

Inoren babesik ez dute euskal kantari-musikariek eta garai bateko airea galdu du euskal kantagintzak. Zerk ez du galdu ba! esango didazue. Nik dakidana zera da: ia isiltasunera lorrindu arte irristatu dela. Etorkizuna, inork pentsatuko ez zukeen bideetatik doa. Euskal kantariok, euskal musikak, David eta Goliaten aurkako gerra darabilgu. Iruntzi egin gaitu Goliatek eta egosi egoerak. Eta herritik sortutako egonkor izan diren kulturgileen ezeztapenaz edo erakarpen ezaz, Nietzchek esango lukeen "tragediaren sorkuntzan" gaude, isil eta arrotz gurean.

Halaxekoa da gure egoera, tamalgarria. Apenas dugu gurea bizkortzen eta airera-tzen duenik, apenas dago kantaldirik, apenas entzuten da euskal musika, eta okerrago dena, apenas inporta zaio inori ezer. Baina penetan bizitzeak ere merezi ez duenez, ba, utz diezaiogun behingoz kantatzeari, utz diezaiogun sortzeari.

Baina, zer diot! Egin egiten dira emanaldiak, nola ez! Gurean, kanpotik etorritako musikariak sarri ikus eta entzun daitezke. Gurean, kanpokoa bertan hedatzea beharrezkotzat ikusten da eta modan dago. Baina era berean, bertako kantari-musikariek bizitzeko eskubiderik izan ditzaketenik ezta begiztatzen. Eta gurea ez da apenas mundura hedatzen, eta egiten denean, gehienetan, modu anker eta desegokian.

Beraz, kolokan jartzen denez gure ekimena, ez gaude gure musikarekin inora joateko ere. Inork ez du gure kultur ekimenenganako norabide argirik ikusten, hobe esan, inork ez du bertan egiten dena ain-tzat har-tzen. Ahuntzaren gauerdiko eztula gara. Hauxe dugu panorama. Baina Euskal Herria musikaren herrialdea dela diote, bai, halaxe da. Hemen, bertakoentzat ezik, kanpoko musikarientzako merkatu zabala dago. Baina gu, hutsaren hurrengo bihurtu garenez, belargazia gara, ez gara inorentzako eta kanpotik datorren hori geure bilakatu dugu.

Halaxe da, ez gaitezen engaina. Krisi sakonean eta diruaren menpe gauden gizarte honetan, era honetako kulturaren balioa ezereza da, barka, bertako kulturgileen balioa diot. Eta halaxe gaude euskal musikariok eta kantariok. Hiru bat urte da ETBri aurkeztu niola Euskal kantagintzari buruzko asteroko programaren bat egin eta programatu zezan edo geuk ekoiztu genezan. Oraindik ere erantzunaren zai nago.

Kontua da euskal kantagintza ez dela babesten ez indartzen ez bertan ez kanpora bidean. Aspaldi baten lortutakoa, orain heriotz zigorrean dago eta kultura lanetan diharduena gero eta itoago dago. Balio gabeko zerbait da gurea. Zeren, balio duena ordaindu egiten da. Eta honetan, sarriegitan ez gaituzte gogoan hartzen. Gizarte honek erabiltzen duen arma, axolagabetasuna denez, hauxe da azken baten gure miseria. Hauxe dugu ordaindu beharreko prezioa. Guzti honez gain, oztopoak oztopo, euskal kantagintzaren sorkuntza lanetan kemenez eta ekimenez diharduzuenoi, doakizue neure estimua eta mirespena!

Baina hemen eta orain, gu ez gara atzeraldi edo erezesioan bizi, ez ez, gu depresio atmosferikoan bizi gara. Kulturaren erraustea da oraingo egoera hau. Agian hilotza erraustu beharko, haize berriak eta fruitu berriak sor daitezen. Geroak eta gerokoek esango dute, Xabier Letek idatziriko eta Mikel Laboak kantaturiko "Ezaren gudaz baietza sortuz? izarren hautsa egunen baten bilakatu zen bizigai" egi bihurtu daitekeen, hala bada, gaitz erdi!

Baina geroak gero, erreparatu diezaiogun egungoari, eta bakoitzak ukan dezala kontu zein den euskal musikaren presentzia gure lurraldean. Zein den kale bazterretan, komunikabideetan, gune orotan. Adierazgarria oso: %5era ere ez da heltzen. Denetara ohitzen da gizakia, eta honetara ere ohitu egin gara.

Eta ixilik egotea bada euskal kantariaren patua, zergatik berpiztu hiltzen doan zerbait? Zergatik behar ote dugu ba kantaria? Zer berpizteko? Ilusioa? Sensibilitatea? Euskal identitatea? Sarri aldarrikatzen dugun hitzari, beti legez, musika falta zaio.

Musika dela eta, badira urte batzuk Edorta Jimenez idazleari entzun izan niola honako hau, Elantxobeko jaietara, Madalenetara zihoazen Mundakarrak urtero legez, eta han bere harriduran, txozna guztietan egun osoz erdal kantak entzuten eta airatzen omen ziren, non eta Elantxoben! Gure herriko jai gehienetan hau berau dugulakoan nago.

Argi gorriak piztu diren arren, "Merezi duguna dugula" dion esaera hori ez nuke sinestu nahi, ez eta gorriagoan sar gaitezkenik ere. Ezkorregi nago antza, eta agian, izan beharko genuke motibaziorik aldaketaren bat etor daitekeenik ere, agian. Baina gaur ez dut argi ikusten etorkizuna, ez gurea, ez ondorengoena, zeren, hemen, zabaldu baino, zirkuito asko itxi egin dira.

Hau guztia egia bada ere, ez zaitezte gutaz arduratu. Denak omen du iraungitze-data. Ezinbestean hilko gara eta kitto. Eta epe berri bat etorriko da, etorri beharko! Ah koño! hemen gure kontraesana: gertu dauzkagun hauteskundeetako boto emaileen %65 abertzaleak omen dira. Zelan neurtzen ote da abertzaletasuna?

Eta astinketa honen aurrean, ezerk ez badu inporta, halaxe dirudi eta, asperduraren asperduraz, denok hilko ote garen ere ez dakit, baina eredu berriak aurkitu beharko ditugu, zeren, pena damait hain triste eta arranguraz hiltzea, kantatzen hilko bagina behintzat.