INORK ez du dudarik garai berrietan gaudela, garai zahar-berrietan esango nuke nik. Eta garai berriak eredu eta etekin berriak behar ditu hartu eta eraiki. Garai berriak gurean, aintzinakoen balioaz, ezagupenaz eta jakituriaz atondu beharko dira. Aurrera ekiteko osagai esanguratsuez baliatuz, belaunaldi eta garai bakoitzaren ezagutzaren eta ikasgai horien batuketa beharrezkoa dugu. Zeren, esana da, historia ondo ikasten ez duena, bizi izan duena errepikatzera behartuta dago.
Gogoeta sakonetako garai berrietan gaude, pitxar bat apurtzen eta hustutzen doakigu eta guztiok hondoratu gaituen krisi sakonak ekar diezazkiguken aukera berrien bila ari gara etengabe. Garai berri honek etxearen izaera landuz, etxeko landareak ureztatuz, etxekoen arteko euskaldunon egunoroko bizitza, lana eta konbibentzia areagotu beharko du. Hitz egiteko modua ere biziagoatu eta geureagoatu beharko du. Beraz, etxea, etxekoak eta janariak bero-tzeko balio zuen sua, bizitzaren sinbolotzat dugun sua, abegi oneko sua zentzunez berpiztu beharrean gaude.
Gaur ordenagailu, telefono mugikorrak, telebista eta abar dira biltzen gaituen esparruak. Beraien baliopidean eta erabileraren menpe gaude eta beraien esklabu gara. Inoiz baino askatasun gehiago dago eta inoiz baino lotuago eta kontrolatuago gaude. Informazio eta desinformazioa, egiak eta gezurrak ere halaxe datozkigu, eta marionetak baitginan, geure egiten ditugu gehienetan, hausnarketa askorik egin gabe. Garai moderno honetan, sentipenaren arrazoietatik urrundu nahi gaituzte. Baina joanean-joanean, zerbaitek huts egin die.
Eta gu, bide berri honetan, bide zaharren jakintza beharrean aurkitzen gara, etxeari eutsiz helburu argira begiratuz. Bizitzeko, bizi irauteko gauzak argi edukitzea beharrezkoa dugu, nahiz eta gure solairuan gauzak argituz doazen. Oraingoz orokorrean gauzak ez daude argi. Indarra, poterea, agintea eta edukina nagusitu izan dira bizitzaren arrazoi gisa. Hauxe, modernitatearen paradigma. Erabilera eta praktikotasun guztiak teoria eta pentsakera bati lotuak daude orain eta hemen. Euskal Herri honen etorkizunak modu berriak, edo berri zaharrak eraiki behar ditu nahitanahiez.
Beti esan izan da euskaldunok aurrehistoria dugula historia bera baino handiagoa eta zabalagoa, sarkorragoa. Beti aipatu izan da gure kultura amatasun edo matriarkalismoari lotua dagoela. Biztu dezagun beraz, izan garena eta jar dezagun garai honetako gizarte aurrerakoienean. Aitaren indarra erabili dugu euskaldunok urteotan, amaren sua barik, halaxe izan da, halaxe behar zuen izan, eta horrelaxe iraun dugu. Baina gaur eta hemen, konzeptu berri-zaharrak bizten doazkigu. Amaren izatea, afera, egitasmoa, abegia, begirunea? abagune berri honetan guzti hori berpizteko garaia delakoan nago.
Aspaldi da Jon Sarasuak ete bestek plazaratutako gogoeta, "amaren sua" ikuspegi kulturala erabiliaz, kultura politiko berri baten beharra aldarrikatzen zutena. Gabriel Arestik ezagun egin zuen Nire aitaren etxea defendituko dut poemaren balioaz jarraitu izan dugu urteotan eta akaso, orain eta hemen aspaldiago bateko "Amaren sua berpiztuko dut" aireratu beharko genuke. Etxea (familia biltzen eta bizi den espazioa) aitak zainduko bazuen ere, amak gobernatu izan zuen gurean aintzinako garaietan.
Eta gure historiara joanik, aspaldi batekoa da baita, Lapurdin, Urruña udalerriko Urtubiako gaztelu barruan eta bertako behe-suaren goikaldean dagoen inskrizpzioa, "BILTZEN, BEROTZEN, BOZTEN" . Hantxe biltzen ziren suaren inguruan, hantxe bero-tzen eta (b)pozten. Suaren ondoan pozaren pozez hizketan igaroko zituzten seguruenik orduak, egunak, urteak. Zertan esanik ez, Bilduren emaitzak ideia eta gogo honen saria direla, gogo eta eritzi anitzen bilduketaren sorkuntza premiaren saria.
Dirudienez, Urtubiako gazteluan agertzen diren hitzak, XIX. mendean Henri Larraldek bertako jabea zenean idatziak dira. Ez dira nolanahiko hitzak, urte eta mendeetan zehar bertan egon izan direnak eta gaurko garai ilusiogarri hauetan oso esanguratsu eta aipagarri direnak. Historia luzea bezain interesgarria du bere horma eta inguruetan Urtubiako gazteluak. Pio Baroja idazleak ere La dama de Urtubia izeneko errelatoa ida-tzia zuen. Maitasun istorioa, akelarreak eta sorginak tarteko.
Behe suaren goikaldean agertzen diren hi-tzak esanguratsuak badira ere, gaur eta hemen badakigu jakin euskal pentsakera patriarkalaz bizi garela eta honen gainean arautu dugula egitekoa, eta hau aldatzea ez dela egun batetik besterako gauza. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Euskaldunon izatea besteei sinetsaraztea, besteei irabaztea baino hobe dela zioskun oraintsu utzi digun eta luzaroan gogoratuko dugun Bittor Kapanagak.
Beraz, aukera ederra eta ezin hobea dugu aurrean euskaldunok eta "hanketan burua, edo burua hanketan" zeri indarra eman, hori da kontua. Besteen buruek zer pertsa-tzen duten jakin badakigu, eta geure burua ikertu eta mamitu beharko dugu halabeharrez, zer nahi dugun, zelan eta nora joan nahi dugun argi edukiz! Geure ahalegin honetan, beharrezkoa dugu, non gauden konturatzea eta nor izan behar dugun bidaide.
Esanguratsua Xabier Letek idatzi eta berak eta Mikel Laboak ere abesturiko kanta:
"Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai,/ hauts hartatikan uste gabean noizpait giñaden gu ernai./Eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera/ atsedenik? hartu gabe: lana egiñaz goaz aurrera/ kate horretan denok batera gogorki loturik gaude"
Bittor berriro hona ekarriz, bere hitzetan "bizitza ez da gatxa, geuk egiten dugu gatx". Bilgune garaietan gaude, batuketa beti da kenketa baino aberasgarriagoa, zirraragarriagoa eta onuragarriagoa. Etxea eta etxekoak zainduz, itxurakeriaren gain, barru barrutik eraldatuz, zentzu aldaketaren premian gaude. "Biltzen, berotzen, bozten", badugu herri legez zeri ekin, "amaren suaren transmisioa" etorkizunerako ibilbidean gure etxea arautzeko erreferentzia eta akuilua izan dadila. Ez da jarrera txarra, ez eta helburu txarra ere, adarrak, adaskak eta oskolak bota ditzagun sutara. Saminak eta desatseginak ere amaren suaren beroaz hobe zaintzen dira, eta amaren suak eman diezagula geroko bidean beharko dugun abegia, abaroa, adimena eta besteenganako begirunea. Biltzen bagara indartsuagoa izango da gure nahia eta egitekoa, biltzen bagara, amaren sua handitu eta areagotuko da: euskaldun egin, egiten eta egingo gaituen amaren sua.